LAB, Steilas, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntza publikoko irakasleak grebara deitu dituzte apirilaren 3an, astelehena. Protesta eginez lan baldintzak eta hezkuntza bera hobetzeko sei aldarrikapen zabalduko dituzte. Batetik, gela bakoitzean dauden ikasleen kopurua edo ratioen jaitsiera lineala hezkuntza etapa guztietan. Bestetik, irakasleek erosahalmena berreskuratu nahi dute. Horregatik, KPIaren pareko soldata igoera eta 2010az geroztik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea (% 20aren ingurukoa) eskatu dute. Aldi berean, Bolonia Planari jarraituz, maila administratiboak titulazioetara egokitzea eskatzen dute irakasleek. Horietaz aparte, greba deitu duten sindikatuek hezkuntza publikoan benetako behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea nahi dute. Eta, Azkenik, irakasleek duten lan gainkarga murriztea eskatu dute, horrela ikasleen premiei denbora eskaini ahal izateko. “Hori aurrera eramateko baliabide gehiago behar dira: osasun-baliabideak, giza-baliabideak, administratiboak, atezainak eta abar”.
Gaurko, apirilaren 3ko, protestarekin sindikatuek eskatuko diote “Hezkuntza Departamentuari lehenbailehen negoziatzera eseri dadila. Irakasleen lan baldintzak hobetzeaz aparte, eskaintzen dugun zerbitzu publikoa nabarmen hobetuko litzatekeelako eskaera hauek aintzat hartuz gero”. Deialdiarekin bat egin dute 80 klaustrok baino gehiagok.
A3ko mobilizazioak
- 09:00 Elkarretaratzeak ikastetxeetan.
- 10:00 Iruñean lau zutabe abiatuko dira
- 10:30 Elkarretaratzea Altsasuko udaletxe parean.
- 11:00 Eskualdeetako elkarretaratzeak eta Hezkuntza Departamentuan.
- 18:00 Manifestazioa, Iruñean.