Txirrindularitza

Arrieta eta Izagirre Euskal Herriko Itzuliari ekiteko prest

Guaixe 2023ko api. 3a, 11:30

Igor Arrieta lehen nafarra izan zen Indurain Sarian eta lore sorta jaso zuen opari. KERN PHARMA

Gorka Izagirre Enric Masen konfiantzazko gizona izango da eta Igor Arrietak "oso gogotsu" dagoela azaldu du

Gaur, apirilak 3, astelehena, hasiko da Euskal Herriko Itzulia, Gasteizen hasi eta Biasterin despedituko den etaparekin. Igor Arrieta (Kern Pharma) eta Gorka Izagirre (Movistar) izango dira gure ordezkariak. Itzulia bihar, apirilak 4, Sakanatik pasako da. Etapa Vianan hasi eta Leitzan despedituko da. Etxauritik eta Iberotik pasa ondoren, Oskiatik Sakanara sartuko da, Errotzera, 15:00ak inguruan. Izurdiaga gaindituta Irurtzunen sartuko da, 15:04ra aldera, gero Latasara egiteko. 

Arrieta 19. Indurain Sarian
Igor Arrieta 19. sailkatu zen apirilaren 1ean jokatutako Indurain Sarian. Txapelduna Cofidis taldeko Ion Izagirre gipuzkoarra izan zen (5:09:05), eta uharte arakildarra 43 segundora sartu zen, probako lehen nafarra. Horregatik, podiumera igo zen. Txapeldunaren anaia, Gorka Izagirre (Movistar Team), 28. postuan sartu zen, 1:13ra. 

“Oso pozik Indurain Sarian egindako lanarekin. Orain oso gogotsu nago Itzuliari ekiteko” azaldu du uharte arakildarrak.