Osasun Departamentuak LABek eta UGTk akordioa lortu zuten martxoaren 21ean eta 23rako deituta zegoen greba bertan behera gelditu zen. Akordio hori nahikoa ez dela uste dute ELAk, SAEk eta CCOOk; "akordio horrek ez die sindikatuon eskaerei erantzuten", azaldu dute. Horregatik, hiru sindikatuek greba deitu dute Osasunbidean gaurko.
ELAk, SAEk eta CCOOk gaurko deialdiarekin Osasunbideako osasun arloko eta gainontzeko arloetako langileen lan baldintzak hobetu nahi dituzte. Hiru sindikatuek ziurtatu dutenez, "LABek eta UGTk Osasunbidearekin lortutako akordioak ez du aldarrikapen horietako bat bera ere bermatzen, eta Osasunbideko langileek lan baldintza berberak izanen dituzte". ELA, SAE eta CCOOren iritziz, beste bi sindikatuek lortutako akordioa haien "autonomia faltagatik" etorri da. Greba deitu duten hiru sindikatuen iritziz, "akordioak ez du ematen Aurrekontu Orokorren Legean edo Parlamentuaren Osoko Bilkuran aztertuko den Foru Lege Proposamenean jasota ez dagoen ezer, eta ez du barne hartzen aurrekontuen babesa bermatua duen neurri garrantzitsurik".
Akordioaren aurretik bost sindikatuek greba eguna deitua zuten martxoaren 23rako. Hura bertan behera uzteko hartutako erabakia "antidemokratikotzat" jo dute ELAk, SAEk eta CCOOk. "Sindikatuen arteko desadostasunak zilegi dira, baina grebarako oinarrizko eskubidearen erabilera oztopatzea ezein sindikatuk zeharkatu beharko ez lukeen marra gorria da".