Futbola

Preferentean jardunaldi gogorra talde sakandarrendako

Guaixe 2023ko api. 5a, 12:20

Preferente mailako 26. jardunaldiak ez zuen Sakanan punturik utzi

Preferente mailako talde sakandarrek ez zuten garaipenik lortu asteburuan jokatutako 26. jardunaldian. 

Altsasuk Donezteberen kontra jokatu zuen Iñaki Indart futbol zelaian eta saririk gabe itzuli ziren altsasuarrak, 2 eta 1 galduta. Altsasu izan zen 10. minutuan penaltiz aurreratu zena, Unai Calvori esker, baina bigarren zatian Doneztebek partidari buelta eman zion. 

Etxarri Aranatzek Amigo liderra hartu zuen San Donato zelaian. 9. minuturako Amigo aurreratu zen, baina Mattin Altzelaik bana berdindu zuen lehen zatian. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina ezin. Partida puntu banaketarekin despedituko zela zirudienean, 88. minutuan Amigok garaipenaren gola sartu zuen, etxarriarrak jota utziz. 

Lagun Arteak partida oso zaila zuen aurretik sailkapenean hirugarren den Rotxapearen kontra, El Iratin. Rotxapeak lehen postuarengatik borrokatzen zuen, eta Lagun Arteak zulotik ateratzeagatik, eta lehia oso estua izan zen. 27. minutuan Rotxapea aurreratu zen, eta nahiz eta lakuntzarrak partidari buelta ematen saiatu, ezinezkoa izan zen. 

Amigok jarraitzen du lider (59 puntu). Altsasu hamaikagarren postuan dago (36 puntu), Etxarri Aranatz hamazazpigarren postuan (16 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarrenean (13 puntu). Apirilaren 6an, osteguna, Altsasuk Rotxapea liderra hartuko du Dantzalekun, 11:00etan. Egun berean, apirilaren 6an, Beriainen jokatuko du Etxarri Aranatzek, 12:00etan, Beriain taldearen kontra, eta apirilaren 10ean, astelehena, 16:30ean Lagun Arteak Leitzako Aurrera hartuko du Zelai Berrin.