Tokiko eta eskualdeko komunikabideen sei elkarte bildu dira egunotan, martxoaren 23an eta 24an, jarrerak hurbiltzeko eta elkarren arteko lankidetza-bideak irekitzeko. Horien artean daude Associació Catalana de la Premsa Comarcal, Associació de la Premsa Comarcal Valenciana, Associació de Mitjans Digitals de la Comunitat Valenciana, Associació de Premsa Forana de Mallorca, Associació de la Premsa Local de Menorca eta TOKIKOM. Besteak beste, krisiak eragindako ondorioei aurre egiteko, haien hedabideak publizitate inbertsioetan sartzeko eskatu diete Estatuko administrazio publikoei.
Sei entitateek Espainiako Estatuko tokiko eta eskualdeko 347 komunikabide batzen ditu guztira, sei milioi eta erdi lagunengana iristen direnak, “euren errotze sozial handiaren erakusgarri”. Denen artean, 1.296 ordainpeko langile eta 2.213 laguntzaile pilatzen dituzte, eta urtean ia 49 milioi euroko bolumen ekonomikoa osatzen dute.
Tokiko eta eskualdeko komunikabideek egiazko informaziorako, kulturarako, gizarte- partaidetzarako eta ohitura demokratikoetarako sarbidea sustatzen dute, eta, beraz, funtsezkoak dira dinamizazio eta demokrazia sozialerako. Gezurrak eta egia erdiak modu masibo eta interesatuan hedatzen eta erabiltzen diren testuinguru honetan, hedabideok hurbileko kazetaritzan oinarritzen dute euren jarduna, bitartekorik gabe eta errealitateari lotuta.
Elkarteek nabarmendu dutenez, gertuko kazetaritzak sektore ekonomiko garrantzitsua osatzen du, tokiko 1.296 familiari lana eta zuzeneko bizibidea ematen diena, hornitzaileen jarduera ekonomikoa sustatzen duena eta tokiko ekonomiak dinamizatzen nabarmen laguntzen duten produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituena.
Ildo horretan, deitoratu dute eurak ere gogor pairatzen ari direla ekonomia- eta osasun-krisien ondorioak, hala nola enpresa txiki eta tokiko saltokien desagertzeak publizitatean eragindako diru-sarreren beherakada.
Zailtasunak zailtasun, hedabideok euren jarduera mantendu ez ezik, euren burua eraberrituz eta egokituz, duten zerbitzu publikoko bokazioari heldu eta herriko komunitatearekiko konpromiso sendoari eutsi diote.
Hori guztia dela eta, Estatuko administrazio publikoen konpromisoa eskatu dute haien publizitate-inbertsioan hurbileko informazioan espezializatutako tokiko eta eskualdeko komunikabideak sartzeko, bai eta hedabideok kontuan hartzeko ere, azken krisi ekonomiko eta sanitarioen ondorioak arintzeko dirulaguntzak diseinatzerakoan, “gure jarduerak eragin biderkatzailea baitu gure eragin eremuetako dinamizazio sozial, kultural eta ekonomikoan”.
Era berean, eskaera horien inplementazio teknikoa errazteko eta horietan laguntzeko prest daudela eta laguntzeko borondatea dutela adierazi dute sei elkarteek.