Kantabrian eta Nafarroan lapurretak egin zituen talde bizkaitarra atxilotu zuen Guardia Civilak eta epaileak lau gizonezkoak espetxeratzeko agindua eman zuen. Haiek atxilotzeko ikerketa 2021ean abiarazi zuen Guardia Civilak. Urte hartako garilaren 8an Arbizuko banku batean lapurreta egin zuten eta abenduan beste lapurretan bat egin zuten Kantabrian. Bi kasuetan lapur bera zela jabetu ziren eta La Viuda izeneko lapur taldeko kide izandako pertsona bat ikertzen hasi ziren. Joan den urtean beste hiru lapurreta egin zituzten, haietako bat Lakuntzako kutxa batean, garilaren 7an.
Lapurrek arma laburrak zeramatzaten, bankuetako langileak eta bezeroak ikaratzeko. Kasuren batean enplegatuak bridaz eskuztatzera ere iritsi ziren. Bestalde, ileordeak, buru-berokiak, maskarak eta txanoak erabiltzen zituzten, baita obretako langileek erabili ohi dituzten arropak ere, identifikatzea zailtzeko. Sakanako bi lapurretak Iruñeko festekin, sanferminekin, bat egin zuten, polizia indar gehienak hiriburuan egoten direla baliatuta.
Lapurreten biktimek lapurren "hoztasuna" eta "lasaitasuna" nabarmendu dute. Lapurrek 10 eta 15 minutu inguruan egiten zituzten lapurretak, eta, ondoren, langileei beraien ibilgailuak eta etxebizitzak ezagutzen zituztela jakinarazpen mehatxua egiten zieten eta poliziari abisua emateko 30 eta 40 minutu artean itxaroteko eskatzen zieten langileei.