Futbola

Preferentean, bi garaipen gozo, eta porrot gogorra

Guaixe 2023ko api. 18a, 12:55

Preferente mailako Altsasu.

Preferenteko 28. jardunaldiak 6 puntu utzi ditu Sakanan

Preferente mailako 28. jardunaldiak denetatik utzi du. Altsasuk Leitzan jokatu zuen, Aurrera taldearen kontra, eta garaipena lortu zuen, partida oso lehiatuan 20. minutuan Mikel Etxaizek sartutako golari esker. Leitzarrak partidari buelta ematen saiatu ziren, baina 3 puntuak Altsasura etorri ziren. 

Etxarri Aranatzek ere hiru puntu gozo lortu zituen Salesianosen kontra etxean jokatutako partidan. Xabat Goikoetxeak mustu zuen markagailua 16. minutuan penaltiz sartutako golari esker. Etxarrik garaipena sendotu nahi zuen, eta Javier Fernandez de Garaialdek bigarrena sartu zuen atsedena baino lehen. Bigarren zatian Xabatek bere bigarren gola sartu zuen, Etxarriren hirugarrena, hau ere penaltiz. Jaitsiera postuetatik ateratzeko bidean garaipen garrantzitsua lortu zuten etxarriarrek. 

Lagun Arteak, tamalez, azken postuko zuloan jarraitzen du asteburuan Beti Casedanoren kontra etxean 2 eta 1 galdu eta gero. Lehen zatia oso lehiatua izan zen, baina 45. minutuan, atsedenera joatekoak zirenean, Beti Casedano aurreratu egin zen. Bigarren zatia hasi eta berehala, Unai Zubiriak bana berdindu zuen. Bi taldeak zorrotz ibili ziren, garaipena lortu nahi zutelako, baina atzera ere Beti Casedano izan zen markagailuan aurreratu zena, 2 eta 1. Lagun Artea partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezin, eta 3 puntuak Casedara joan ziren. 

Amigo taldea da Preferente mailako liderra (62 puntu), Aibarés eta Rotxapea taldeen aurretik, biak 56 punturekin. Altsasu hamaikagarren da (39 puntu), Etxarri Aranatzek hamazazpigarren postuan jarraitzen du (20 puntu) eta Lagun Arteak hemezortzigarrenean, azkenean (13 puntu). 29. jardunaldian Altsasuk bosgarren den Beti Casedano hartuko du Dantzalekun, laugarren den Universidad de Navarraren kontra jokatuko du Etxarri Aranatzek Iruñean, eta Lagun Arteak hamalaugarren den Ilunberri hartuko du Zelai Berrin. 

Erregionalak, asteburuan
Erregional mailan azken bi asteetan ez da jardunaldirik jokatu. Sailkapenean hamabigarren den Altsasuk hamahirugarren den Zizur hartuko du asteburuan Dantzalekun. Bi arerio zuzenen arteko partida lehiatuaz gozatzeko aukera izango da.