Txirrindularitza

Sakandarrak goiko postuetan

Guaixe 2023ko api. 19a, 10:52

Atarrabiako kadeteen lasterketa. MARTIN EARLY

Juniorren Lizarrako proban Manex Zufiaurre bosgarren sailkatu zen eta kadeteen Atarrabiakoan Ekain Imaz seigarren

Igandean juniorren mailako XXV. L.M. Meoqui Oroimenezkoa jokatu zen Lizarran, aldi berean Nafarroako Junior Mailako txapelketa zena. 70 txirrindulari zeuden izena emanda, eta horietatik 44k lortu zuten erasoz betetako 83 kilometroko lasterketa gorabeheratsua bukatzea. Unai Ramos (Vizcay Hnos.) izan zen Nafarroako txapelduna, esprintean Ibai Hoyos (Grupo Eleyco-Iturribero) gainditu eta gero. Top 20a kontuan hartuta, Manex Zufiaurre (Sakana Group) bosgarren sailkatu zen, 1:48ra; Iker Gomez (Quesos Albeniz) bederatzigarren, 2:24ra; Aritz Oiarbide (Sakana Group) hamabosgarren, 4:30era; Iker Agudelo (Quesos Albeniz) 17., 4:5ra; eta Adrian Martinez (Sakana Group) 19. eta Mikel Regil (Sakana Group) 20., denbora berean. Iker Begiristain (Quesos Albeniz) 27. iritsi zen. 

Kadeteak Atarrabian
Kadeteak larunbatean I. Jose Ignacio Olaverri Trofeoan bildu ziren, 61 kilometroko lasterketa. Iker Colmenerok (Luyando-Ganzedo) erakustaldia eman zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:21:26), Hector Fernandezi (Aranako Ford Garaje) 2:09 minutu aterata.  Atzean tropeltxo bat sartu zen, 3:24ra. Top 20a kontuan hartuta, sakandarrak txukun ibili ziren. Ekain Imaz (Quesos Albeniz) seigarren sartu zen helmugara, Luca Martinez (Sakana Group) zazpigarren, Erik Laiglesia hamaikagarren eta Oihan Gorriti (Sakana Group) hemeretzigarren. Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 22. sailkatu zen.