Hirugarren mailako Kopari ezin hobe ekin dio Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak, orain arteko bi partidak irabazita. Apirilaren 14an San Juan izan zuen aurkari Larrebieta pilotalekuan, eta nahiz eta San Juan berehala 0 eta 2 aurreratu, Aralar Mendik partidari buelta eman zion eta 4 eta 2 gailendu zen, Ibai Martiarenak, Jorge Mariñelarenak (2) eta Jon Iribarrenek sartutako golei esker.
Aldiz, txanponaren kontrako aldean dago Ibararte Xota talde irurtzundarra, orain arte jokatutako bi partidak galdu baititu. Apirilaren 15ean Ibararte Xotak Garbayo Chivite Cintruenigo taldea hartu zuen Atakondoan, baina hiru puntuak Erriberara joan ziren, Cintruenigoko taldeak 2 eta 5 irabazi eta gero.
Aralar Mendi lider da (6 puntu), San Juan bigarrenari 3 puntu aterata (3 puntu). Ibararte Xota laugarren da, azkena, punturik gabe. Apirilaren 21ean, ostirala, derbi sakandarra dago jokoan, Aralar Mendik Ibararte Xota hartuko baitu, Uharte Arakilgo pilotalekuan, 19:45ean.