Mank-eko kudeatzailea oposizio-lehiaketa bidez ordezkatuko da

Guaixe 2023ko apirilaren 27a

Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitza. ARTXIBOA

Aldi berean, lan poltsa sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea oposizio lehiaketa bidez ordezkatuko du. Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Sakanako Mankomunitatean maiatzaren 11ko 14:30era arte. Eskabidea aurkezteko, besteak beste, honakoak izan behar dituzte: goi mailako unibertsitate titulua izatea, B mailako gidabaimena edukitze eta EGA edo baliokidea izatea. 

Hautatua den pertsonaren eginkizunak, besteak beste, honakoak izanen dira: Sakanako Mankomunitatearen lidergoa izatea; estrategia plana gidatzea; bere ardurapeko eremuko zerbitzuen arduradunak modu proaktibo, eraginkor eta sistematikoan gidatzea, kudeatzea eta koordinatzea; ekonomia eta material baliabideak kudeatzea; langileak kudeatzea; osasuna eta prebentzioa kudeatzea eta barne- eta kanpo-komunikazioa koordinatzea.