Lanbide Heziketan matrikulatzeko deia egin dute

Guaixe 2023ko api. 21a, 08:41

Mari Jose Oiarbide Izagirre, Jose Julian Garziandia Pellejero eta David Oroz Alonso.

Sakanako Mankomunitatea eta Sakanako Enpresen Elkarteak bat egin dute eskaerarekin. Trebatuta dauden langileen premia dagoela aitortu dute, eta Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituztenek lana opatzen dutela nabarmendu dute.

Mari Jose Oiarbide Izagirrek (Sakana Lanbide Heziketa institutua), Jose Julian Garziandia Pellejerok (Sakanako Enpresen Elkartea) eta David Oroz Alonsok (Sakanako Mankomunitatea) elkarrekin agerraldia egin dute eta gazte sakandarrak, eta inguruetako eskualdeetakoak, Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuan izena ematera deitu dituzte. Oiarbidek argudiatu duenez,  "lanean hasten den gure ikasleen ehunekoa oso handia da, industriari lotutako zikloak ikasten duten ikasle guztiak lanean bukatzen dute". Lanbide Heziketaren aldeko estrategia bateratua garatzen ari dira .

Garziandiak aitortu zuenez, "aspalditik langileak falta dira, bereziki kualifikatutakoak. Egoera gero eta larriagoa da eta enpresen etorkizuna nabarmen baldintzatzen du". SEEko kideak kezkatu egin ziren matrikula faltagatik soldadura eta galdaragintza erdi mailako graduan bertan behera gelditu zenean joan den urtean. Hura berreskuratzeko lana egin dute eta Hezkuntza Departamentuak oniritzia eman dio. Garziandiak jakinarazi zuenez, ikasketa hori heldu den ikasturtean dual intentsibo ordaindua izanen da. Bestetik, hiru eragileak ikasle gazteei LH eta enpresak erakartzeko bilerak eta bisitak egiten ari direla azaldu zuten. 

Orozek gogoratu zuen industria dela Sakanako ekonomiaren motorra. "Hala ere, bakarrik langileen %17 dira emakumezkoak. Sakanako genero arrakala Sakanako handiena da. Bitartean enpresek langile premia dute eta emakumezkoak langabezian daude". Oiarbidek gaztigatu zuenez, "ikasketak aukeratzerakoan genero joerak eta estereotipoek pisu handia" dutela, "industriari lotutako ikasketetan ez dago emakumezkorik, eta komunitatea edo zerbitzuekin erlazionatutakoetan, berriz, ez dago gizonezkorik". 

Ikasketa buruak nabarmendu zuen LHko ikasketak malguak direla eta edozein pertsonaren helburuetara moldatu daitezkeela. Jakinarazi zuen erdi eta goi mailako graduetan izena emateko epea apirilaren 25etik maiatzaren 5era artekoa dela. Oinarrizko LHren kasuan, berriz, maiatzaren 10etik 19ra artekoa. Institutua bertatik bertara ezagutu nahi dutenek ate irekien jardunaldien bidez horretarako aukera izanen dute. Bi egunetan izanen dira: larunbatean, 10:00etatik 13:00etara, eta asteartean, 09:00etatik 19:00etara. "Etortzen zareten guztiei behar bezalako harrera egin eta arreta pertsonalizatua eskainiko dizuegu". 

Euskara 
Aipatu gradua berreskuratzeaz aparte, Oiarbidek jakinarazi zuen 2023-204 ikasturtean Altsasu LH institutuak euskarazko hirugarren eskaintza izanen duela: Haur Hezkuntza goi mailako gradua. Aurretik, Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza eta Mikroinformatika sistemak eta sareak ikas zitezkeen euskaraz. Ikasketa buruak gaztigatu duenez, Oinarrizko Lanbide Heziketan Merkataritza zerbitzuak ikasketak "berez gaztelaniaz badira ere, ele bitan ematen ari gara ikasle euskaldunak daudelako".

Institutuaren eskaintza

Oinarrizko Lanbide Heziketa

  • Merkataritza zerbitzuak. 

Lanbide Heziketa berezia

  • Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea (ele bitan).

Erdi mailako zikloak

  • Mantentze-lan elektromekanikoa.
  • Soldadura eta galdaragintza (ikasketa duala).
  • Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).
  • Mikroinformatika sistemak eta sareak (ikasketa duala, euskaraz).

Goi mailako zikloak

  • Industria Mekatronika.
  • Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala).
  • Haur Hezkuntza (euskaraz)

Araubide bereziko kirol ikasketak

  • Mendi ertaineko teknikaria.
  • Eskalada teknikaria.

Ziurtagiriak

  • Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak

Institutua datutan

  • 210 ikasle
  • 37 irakasle