Astekaria

Bertan bizi, ikasi eta lan egiteko aukera onena: Lanbide Heziketa

Guaixe 2023ko api. 26a, 14:32

Mari Jose Oiarbide Izagirre, Jose Julian Garziandia Pellejero eta David Oroz Alonso.

Bertako ekonomiari zuzendutako ikasketa eskaintza du. Industria arloko ikasketak egin dituzten ikasle guztiak lanean daude. Heldu den ikasturtean bi ikasketa berri izanen dira: erdi mailako soldadura eta galdaragintza duala eta haur hezkuntzako goi zikloa, euskaraz.

Lanbide Heziketan (LH) izena emateko deia eginez, agerraldi bateratua egin dute ikastetxeko, Sakanako Enpresen Elkarteko (SEE) eta Sakanako Mankomunitateko ordezkariak: Mari Jose Oiarbide Izagirre, Jose Julian Garziandia Pellejero eta David Oroz Alonso. Hiru erakundeak elkarlanean ari dira LH eta ibarreko institutua sustatu asmoz. Garziandiak azaldu duenez, "hirurok partekatzen dugu diagnosia, Sakanako sozioekonomia errealitatearen ikuspegia eta ekonomia eta enpresa garapena garatzen laguntzeko jarraitu beharreko estrategiak". SEEko buruak gogoratu du onartu berri den Sakanako Estrategia Planean jasotakoa: "argi dio ibarreko ekonomiaren motorra industria dela, egonkorra eta ongi ordaindutako enplegua sortzen duela, eta bere garapena errazteko estrategiak ezarri behar direla, batez ere enpresek giza baliabideetan duten premiei erantzuteko". Ildo berean, Orozek gaineratu du planean "LH institutua eta industrian emakumezkoen enplegua potentziatzeko estrategiak eta jarduerak jasoak" daudela. 

SEEko kideen artean alarma piztu zen joan zen urtean LHko institutuan erdi mailako galdaragintza eta soldadura ikasketak bertan behera gelditu zirelako (3 matrikula besterik ez ziren izan). Sakanako enpresek kualifikatutako langile premia handia dutenez, erdi mailako zikloa berreskuratzeko harremanetan jarri ziren ibarreko eragileekin eta Nafarroako Gobernuarekin. SEEko dozena bat enpresek, gainera, pausoa eman eta ikasketa horiek ordaindutako dual intentsibo erakoak izateko konpromisoa hartu zuten. Elkartearen gestioek gobernuaren oniritzia jaso zuten martxoaren 27an. "Dei egiten diegu Sakanako gazteei, emakumezko eta gizonezkoei, izena eman eta gradu hori bideragarri egin eta egonkortzeko". 

Aurrena Nafarroan 
Garziandiak azaldu duenez, Sakana da ordaindutako eskaintza dual intentsiboa egiten lehena. "Ahalik eta erakargarriena egin nahi dugu ikasketa. Bi ikasturteetan ikasleek 700 ordu pasako praktikak eginen dituzte enpresetan. Gure artean konpetentziarik ez egoteko, guztiok kopuru bera ordainduko dugu: Nafarroako metalgintzako derrigorrezko gutxieneko soldata ordainduko diegu. LHren gauzarik onena da lan eginez ikasten dela", azaldu du Garziandiak. Gaineratu duenez, "ikasleak praktikak egiten dituzten enpresetan lan egiten bukatzen dute, enpresak ezagutzen dituelako eta trebatu dituelako". 

Agerraldia egin duten hiru erakundeak Sakana LH institutuaren hezkuntza eskaintzaren berri ematen ari dira ibarreko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasle eta gurasoei. Gainera, ikastetxeetatik enpresetara bisitak antolatuko dituzte, baita alderantziz ere. "Horren guztiaren bidez azaldu nahi dugu LHko ibarreko ikasleek Sakanako enpresetan dituzten aukerak", azaldu du Garziandiak. Gaineratu duenez, "espero dugu esperientziak arrakasta izatea, horrela LHko beste modulu batzuk hobetu eta potentziatu ahal izateko. Estrategia da industria ziklo eskaintza handitzea, beti ere, ordaindutako ikasketa dual intentsiboan". Horretarako, LHren aldeko lan jarraitua eginen dute hiru erakundeek. 

Bermea
Oiarbidek ziurtatu duenez, "LH ikasteak Sakanan lana opatzea ziurtatzen du. Gure ikastetxeko eskaintza ibarreko industria eta zerbitzu enpresen kualifikatutako lanpostu eskaerari erantzuteko diseinatuta dago. Gure ikasleen ehuneko handi bat lanean hasten da, %100 industria arloko ikasleen kasuan". Hala ere, ikastetxean kezka dute: "aspaldi ohartu ginen lan merkatuan sartzeko erraztasuna duten zikloetako batzuen plazak ez direla betetzen, bitartean enpresek trebatutako langile premia dute. Horregatik eskaintza bertako beharretara egokitzen dugu". 

Ikasketa buruak, bestalde, generoek ikasketen aukeraketan duen eragina nabarmendu du: "industria zikloetan ez dago emakumezkorik, eta soziokulturaletan edo komunitatera zuzendutako ikasketetan, berriz, ez dago gizonezkorik". Hori ikusita Oiarbidek hausnarketa egin du: "genero faktoreak lanbidea aukeratzeko garaian, oraindik ere, pisu izugarria du. Horrek gizonezko eta emakumezkoen arteko desberdintasuna handitzea dakar". Horri lotuta Orozek bi datu eman ditu: "Sakanako industriako langileen %17 besterik ez da emakumezkoa, ondorioz, ibarreko genero arrakala Nafarroako handiena da". Horregatik, Oiarbideren deia: "gure bizitzak hainbeste baldintzatzen duten joera eta estereotipoekin bukatu nahi badugu, belaunaldi berrien hezkuntzan ari diren agente guztien elkarlana behar dugu: ikastetxeak, familiak, kultur, kirol, lan eta gizarte erakundeak, hedabideak eta abar".

Oiarbidek LHren ezaugarria den malgutasuna eta ikasketa ibilbide ugariak azpimarratu ditu. "Trebakuntza eta profesio familia eskaintza zabala dago. Ondorioz, ikasleak hala nahi badute, 18 urterekin lanean hasi daitezke, ekonomia independentzia lortuz, edo trebatzen segi dezake nahi duen ikasketa maila lortu arte. LHren eskaintza bizitzaren edozein garaian trebatzeko eta ezagutza berritzeko aukera da. Beraz, lan etorkizuna erabaki behar duten gazteek baloratu dezatela egin nahi duten ikasketen enpleagarritasuna eta hartan lan egiteko aukerak non dauden". 

Kezkak
SEEren baitan bi kezka dituzte. “Gauden egoeran egonda ere, metalgintza eta siderometalurgiako enpresa garrantzitsu batzuk, hamar, ongi dabiltza eta handitzeko asmoa dute. LHko trebakuntza duten kualifikatutako langileak behar dituzte, batean 10, bestean 20... 250 bat langile inguru beharko ditugu epe motzean", jakinarazi du Garziandiak. SEEn demografia ere kezka iturria da: "ibarrean hurrengo hamar urtetan 2.000 pertsona inguru jubilatuko dira. Industriak (5 langiletik gorako 140 enpresa) 4.000 bat langile ari dira lanean eta %25-30 ordezkatu beharko dira. Oso zaharrak diren plantillak ditugu. Horregatik, gakoa da gazteak eta emakumezkoak ere industrian lan egitea". 

Orozek azpimarratu zuenez, "industria gure ekonomiaren motorraa da. Industria ongi badoa eragina du enpleguan, zerbitzuetan, merkataritzan eta abarretan". Ibarreko eta inguruko ikasleei Sakana LHn izena emateko deia eginez bukatu dute.