Euskalgintzaren Kontseiluak, makina bat eragileren ordezkariekin batera, Nafarroako Parlamentuaren parean agerraldia egin zuen atzo. Guztiek euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatu duten. Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak adierazi zuenez, "Nafarroako milaka biztanlek lurralde eremu osoan herritartasuna berdintasunez, bazterkeriarik gabe, bizitzeko aukera izan dezatela galdegitera". Adibide gisa aipatu zuenez, "autoa hartu eta Lekunberritik Iruñera doan herritarrak nola ulertuko du 30 kilometroko ibilbidean aurrera egin ahala eskubideak galduz joatea? Beste edozein eskubiderekin ulergaitza dena, nola gerta daiteke milaka herritarren hizkuntza eskubideekin?"
Eskisabelek nabarmendu zuenez, "ofizialtasun estatusa, eskubideak, errekonozimendua edo, alderantziz, eskubide murrizketa eta galarazpenak, ez dira hizkuntzenak, baizik eta haiek gorpuzten dituzten, haietan bizi diren, haietan diren, herritarrenak". Horrek milaka nafarren "eguneroko hautu eta bizitzetan eragina" duela nabarmendu zuen, esaterako: seme-alabak euskaraz ikasteko aukera izatea. Eskisabelek ziurtatu zuenez, "ofizialtasunak ez dio inori eskubiderik kentzen; ez dituenari aitortzen dizkio. Ofizialtasuna ez da ateak ixteko giltza bat, ateak zabaltzekoa baizik".
Foru hauteskundeen atarian, Kontseilutik deia alderdiei: "ofizialtasunaren eskaria har dezatela aintzat, jar dezatela beren ildo, egitasmo eta jardunbideen erdigunean. Ekar dezatela berdintasuna Nafarroara". Eskisabelen iritziz, Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea "oinarrizko eta erdiguneko auzia da: gizarte kohesioari, justizia sozialari eta bizikidetzari eragiten dio. Finean, horietan sakontzea nafar guztien mesederako da, ez bakarrik euskaldunen eta euskara ikasi nahi dutenen onerako. Denendako da, Nafarroako gizarte osoarendako, ofizialtasuna onuragarri. Ofizialtasuna ez baita ateak ixteko giltza bat, zabaltzekoa baizik". Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak jakinarazi zuenez, hurrengo egunetan eskaera zuzenean jakinaraziko diete alderdi eta koalizioei.
Berrehundik gora sinatzaileen artean daude Aizpea Euskara Taldea, Pikuxar Euskal Txokoa, Andra Mari Ikastola, Iñigo Aritza Ikastola eta Lagun Artea Kirol Elkartea.