Ane Berastegi

"Horren urruti iritsiko ginenik ez genuen espero"

Maider Betelu Ganboa 2023ko api. 27a, 14:00

Ane Berastegi, erdian, eta Siets Goikoetxea, eskuinean, Nafarroako banderarekin. UTZITAKOA

Ane Berastegi Jaka eta Siets Goikoetxea Garde sakandarrak Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketako taldekako jazarpen txapeldunak dira

Aste Santuan Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Galapagarren. Sergio Aliaga hautatzaileak 11 txirrindulari hautatu zituen hitzordu garrantzitsurako, tartean bi sakandar, Ane Berastegi Jaka arbizuarra eta Siets Goikoetxea Garde urdiaindarra, biak kadete mailakoak eta Tafallako Beratxa taldekoak. Nafarroako selekzioak txapelketako balorazio ezin hobea egin du, guztira hamar domina lortu dituelako: urrezko domina, zilarrezko bost domina eta brontzezko lau domina. Urrezkoa ta zilarrezkoa lortu dute Berastegik eta Goikoetxeak, taldekako jazarpen proban eta taldekako abiadura proban egindako primerako lanarengatik. Maila indibidualean ere sekulako maila eman dute. 

Sekulako lana egin duzue Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketetan.
Bai, bina domina ekarri ditugu Siets Goikoetxeak eta biok. Taldekako jazarpen proban Espainiako txapeldunak izan ginen, Irene Bonarekin eta Marta Pelayorekin laukotea osatuta, eta taldekako abiaduran bigarren gelditu ginen, Espainiako txapeldunordeak Irene Bonarekin hirukotea osatuta. 

Podiumaren gorenean egotea espero al zenuten?
Aurretik lan handia egin dugu, entrenamendu asko. Espainiako Txapelketetan ahal genuen guztia lortzea zen gure helburua, baina, egia esan, horren urruti iritsiko ginenik ez genuen espero. Eta oso pozik gaude guztiak. Baita Sergio Aliaga hautatzailea ere. Oso lan polita egin dugula esan digu.

Marsuaren bukaeran Palman jokatutako Espainiako Omnium eta Madison Txapelketan hirugarren postua defendatzen ari zinela erorikoa izan zenuen, eta argi dago berehala eman zeniola buelta. 
Bai, kanporaketa proban erorikoa izan nuen, baina, zorionez, sustua izan zen. Urradurak izan nituen, baina ezer larririk. Pistako lurzoru horretan urradurak eta erredurak egiten dira, eta maillotak apurtu (kar, kar). Egia esan, min handia hartzen da. Zurezkoetan, gainera, ezpal txikiak sartu ahal zaizkizu. Baina, ez nuen ezer larririk izan. 

Nolakoa da taldekako abiadura proba?
Siets, Irene eta hirurak batera atera ginen pistara. Lehen txirrindulariak lehen bira bukatzen duenean bere atzetik datozen beste biei pasatzen uzten die, erreleboa emanez, eta honela azkeneko itzulia txirrindulari bakarrak bukatzen du. Bakoitzak bere buelta topera egin behar du. Eta denbora hoberenak irabazten du, selekzio azkarrenak. Guztira hamabi itzuli ziren. 

Eta taldekako jazarpenean zer egin behar duzue?
Kasu honetan lau ginen, Irenerekin eta Martarekin batera. Bi talde elkarren kontra aritzen dira. Talde bat helmugatik ateratzen da eta bestea kontrako puntutik. Gure artean erreleboak egiten goaz, 12 itzuli egin arte, eta denbora azkarrena egiten duen taldeak irabazten du. 

Zein selekzio gainditu zenituzten?
Kataluniako eta Madrilgo selekzioak.

Kataluniako selekzioa pistan oso ona da, eta baita Madrilgoa ere. Eguneko sorpresa izan al zineten?
Bai. Kataluniako selekzioan Beratxa taldeko gure taldekide bat zegoen, eta eurekin hitz egin genuen. Zoriondu gintuzten eta asko poztu ginen. 

Sietsek aurretik azaldu izan du batak bestearen laguntza behar duenean horretarako zaudetela. Espainiako Txapelketetan ere hala izan da?
Bai. Pista txirrindularitza talde lana da, eta guztiek ahal duguna eman behar dugu. Eta talde lan horri esker bi domina polit lortu ditugu. 

Zer duzu nahiago, errepidea hala pista?
Oso ezberdinak dira. Biak oso gustuko ditut, baina agian errepidea pixka bat gehiago. 

Zer du pistak horrenbeste erakartzeko? 
Errepidean jende gehiago dago animatzen eta paisaia gehiago ikusten dituzu. Pistan, aldiz, denbora guztian toki berean bueltaka gabiltza, baina badu ere bere xarma. Hasieratik bukaerara, uneoro, kontzentratuta egon beharra dugu, eta pistan beti topera egon beharra duzu. Eta hori ere polita da. Errepidean adi egon beharra dago, baina tarteka atseden uneak daude. 

Pista denboraldia bukatu da, baina jada errepideko denboraldia hasia dago. Kadeteen mailan Beratxa taldean Siets, Ane Beltran de Heredia eta hirurak zaudete, eta Lacturale Ermitagañan June Etxeberria eta Bakarne Arregi. Sakandar talde polita.
Oso kontentu nago sakandar talde ederra dugulako kadete mailan. Oraintxe hasi dugu denboraldia, baina sentsazio onekin gaude. Ea horrela jarraitzen dugun. Helburua ongi pasatzea eta ongi ibiltzea da, ahal duguna ematea.

Sakandarrek garaipenen bat lortzeko aukera ikusten al duzu?
Saiatuko gara. Ea lortzen dugun. 

Lasterketa kuttunen bat al duzu?
Une honetan Espainiako Kopan lehiatzen ari gara, eta postu hoberena lortzea da helburua. Espainiako Txapelketara joatea ere ederra litzateke. Ea lortzen dugun, baina oraindik asko falta da. Espainiako Kopan bi lasterketa jokatuko ditugu eta asteburuan hirugarrena jokatuko genuen, Leonen. 

"Aurretik lan handia egin genuen pistan. Orain, errepiderako sentsazio onekin gaude"

A ze martxa daramazuen. Galapagar, Palma, Pontevedra... oso urruti dituzue lasterketak.
Bai, azkenean asko mugitzen gara eta gurasoek gu ikusteko ere handik hona ibili beharra dute.

Baina gustuko tokian aldaparik ez.
Horrela da, bai (kar, kar). 

Sietsek eta biok Espainiako txapeldunak zaretela ospatu al duzue?
Egia esan, oraindik ospatzeko dugu, baina egutegia beteta dugu. Ea uda aldera ospatu ahal dugun. 

Sakanan lasterketaren bat izango al duzue?
Bai, ekainaren 24an, San Juan egunean, Lakuntzako Emakumeen Lasterketa jokatuko da, Sakanan emakumeendako dagoen txirrindularitza proba bakarra. Gustura parte hartuko dugu.  

Erlazionatuak

"Oso pozik nago sakandar asko gaudelako"

Maider Betelu Ganboa 2023 mai 02 Arbizu