Erremediorik bada?

Erabiltzailearen aurpegia Telmo Zulaika Perez 2023ko api. 24a, 11:44

Berriak ikusi eta notizia txarrak besterik ez; geroz eta ohikoagoa zaigu. Gauzak ondo doazela sinistu genezake edo egunerokotasuna beste begi batzuez ikusi, baina, errealitateak hor dirau. Errealitate krudela non etxegabetze, lan istripu edota bizitzaren garestitze etengabeek eguneroko ogi diren. Askok galdetzen diote euren buruari ea egoera hobetu daitekeen. Hobetu baino, akaso egokiagoa litzateke egoeraren gainditzeaz galdetzea. Hau da, egungo miseria kudeatu edo miseria gainditu nahi dugu? Nahiz eta erantzunak begi bistakoa dirudien errealitateak ez du berdina iradokitzen. 
Batetik, gaur egungo egoerari buelta emateko gai izan ez diren sozialdemokrazia eta historian egon omen den "gobernu progresistena". Gutxi ez eta burgesiaren irabaziak handitu ditu langile klasearen miseria puztu duen bitartean; begi bistakoa gasolina zein elikagaien kasuetan, adibidez. Egunak pasa eta langileon egoera okertzen doa alderdi parlamentarioak ilusioa saldu eta promesa faltsuak egiten dizkiguten bitartean.  

Bestetik, miseriaren gaindipenerako sozialismoaren beharra mahaigaineratzen dutenak. Utopia izatetik urrun, proposamen gaurkotua da, borroka eta esperientzia iraultzaileen eskutik lortu baititu langile klaseak bizi kalitate eta askatasun kuotarik handienak eta lortuko ere.

Bada egoera gainditzeko ezintasuna erakutsi eta miseria kudeatzera mugatzen dena. Bada egoera gainditzeko, ongizate orokorra bermatzeko potentzia duena eta ez dator egungo miseria sortu zein kudeatzen dutenen eskutik, Estatu Sozialistaren gauzapenetik baino.

Hartara, Kontseilu Sozialistek Maiatzaren Lehenean Iruñean mobilizatzera deitu dute "Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki" lemapean. Fartsa eta ezintasunaren aurrean alternatiba sozialistaren beharra azpimarratzea ez delako posizio nostalgiko baten apologia itsua, irtenbide errealaren irudikapen gaurkotua baizik.