Azken bolada honetan Euskal Herrian berritasun doinuak nabariak dira, eta erdi-erdian Nafarroako eszena dugu. Urte batzuk lotan zirudien eszena indar berriturik loratu da gure artean. Horietan zer esan asko daukate azken aste hauetan Tatxers eta Ibil Bedik argitaratu dituzten lanek.
Iruñerriako Tatxers taldeak disko berria plazaratu du, taldearen izen berdinez deitua. Lehenago lan bat ere argitaratua zuten, eta disko honetako lehenengo akordeekin kanta jakin gabe sikiera jakinarazten dizute Tatxers entzuten ari zarela. Gitarra garbiz beteriko kantak, hamarkada batzuk atzera eginda Zarama edo Itoiz gogoratzen dutenak.Gitarraren distortsiotik at garbitasunean punk-rocka, bi abeslarien ahotsak eta bateria arinaz.
Doinu lasaiagoekin Ibil Bedik disko berriko aurrerapena eskaintzen digu. Aurreko lanen ildoa jarraitzen duten arren beste kutsu bat dute kantek. Sentimenduz beteriko kantak dira berriro, bizitza arrosaz beteriko bide bat ez dela erakusten dutenak, gaur egungo gizartearen gabezia emozionalak, edonork pairatzen ditugun egoerak. Melodia lasai eta garbiekin lan berriak zer esan handia izango du, ea oraingoan ze kantekin aurkeztuko duten beraien burua.
Lan berria aurkezten duten bi talde horietaz gain, Nafarroako eszena musikala oso anitza da. Iruñerriko Skabidean aipatu dezakegu, beraien rocksteady erritmoekin eszenari beste ikuspuntu zabalago bat eman diotenak. Han inguruko Sofokaos ere, rock erritmo eta letra landuekin azken disko oso txukuna plazaratu zutenak. Eta Olaia Inziarte aipatu gabe ezin nuen amaitu, Durangoko Azokan aurkeztu zuen lehen lanarekin Euskal Herri osoa bere doinuetara dantzan jarri duena. Beraien bidea egiten ari diren beste talde batzuk badira, urte batzuen buruan ikusiko ditugunak.