Txirrindularitza

Gipuzkoako Itzulian onenekin esperientzia hartu dute Gomezek eta Zufiaurrek

Guaixe 2023ko api. 25a, 10:00

Nafarroako selekzioa Gipuzkoako Itzulian. NAFARROAKO TXIRRINDULARITZA FEDERAZIOA

Iker Gomezek UCI Men Junior Lasterketa bukatzea lortu zuen eta Manex Zufiaurrek ezin izan zuen bigarren etapa bukatu

Asteburuan XXIX. Gipuzkoa Klasikoa jokatu zen, UCI Men Junior mailako gazteen mailako proba garrantzitsua. Talde onenak lehiatu ziren, asko atzerrikoak, eta tartean Nafarroako selekzioak hartu zuen parte. Selekzioaren seikoterako bi sakandar hautatu zituzten: Quesos Albeniz Burundako Iker Gomez Lopez de Goikoetxea eta Sakana Group Aralarko Manex Zufiaurre Begiristain. Junior onenen artean ikastea zen Nafarroako selekzioaren helburua.

Larunbatean Ormaiztegin hasi eta despeditu zen 98,6 kilometroko etapa jokatu zen, hirukote baten artean jokatutako esprintean Jasper Schoofs belgiarrak (Acrog Tormans) irabazi zuena (2:23:16). Iker Gomez 61. postuan sartu zen, eta Manex Zufiaurre 115.ean. 

Iganean, aldiz, Donostiako Egia auzoan hasi eta despeditu zen etapa jokatu zen, 104 kilometrokoa eta 6 portu zituena. Lasterketa gogorrean Alex Beldon ingelesa gailendu zen (2:19:13), Matthew Col ingelesari (Zappi Junior Race Team) 2 segundo aterata, baina Gipuzkoako Itzuliko sailkapen orokorra Matthew Colek irabazi zuen (4:43:41), Alex Beldoni (Anexo Group Race Team) 9 segundo aterata. Iker Gomez 70. postuan sailkatu zen, 10:14ra. Manex Zufiaurreri dagokienez, bigarren etapa jokatzen ari zela erretiratu egin zen. 

Aurrekariak
Gipuzkoako Itzulia maila izugarriko lasterketa da. Joan zen urtean, 2022an, Sakana Group taldeko Mikel Uncilla bigarren izan zen eta 2019an Sakana Group taldeko Igor Arrietak Gipuzkoako Itzulia irabazi zuen. 

Asier Etxeberria laugarren Lizarran
Apirilaren 23an, igandea, junior mailako V. Robert Innova Trofeoa jokatu zen Lizarran, 88 kilometroko lasterketa erakargarria. Bi txirrindulariren arteko esprintean erabaki zen lasterketa, eta Pablo Jaray (Asesores de Navarra) gailendu zitzaion Jon Conejerori (Grupo Eleyco), 2:10:32-ko denboran. Quesos Albenizko Asier Etxeberria laugarren sartu zen, bere taldekide Iker Agudelo hamargarren eta Sakana Group taldeko Adrian Martinez hamabigarren. Iker Begiristain (Quesos Albeniz) 26. iritsi zen, Eñaut Oiarbide (Sakana Group) 35. eta Aritz Oiarbide (Sakana Group) 49.