Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lehen lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Federazioko lehendakaria, Juan Carlos Castillo Ezpeleta, eta Euskaltzaindiko lehendakaria, Andres Urrutia Badiola, izan dira hitzarmena sinatu dutenak, Sagrario Aleman Astitz Akademiaren Nafarroako ordezkaria lekuko zela.
Lankidetza hitzarmen horrenbidez euskararen esparruan, Nafarroako berezko hizkuntzan, lan egiteko interesa formalizatu da. Euskaltzaindiak udaletako teknikariendako prestakuntza eskaintza zabalduz. Horrekin batera, euskaraz argitaratutako testuen kalitatea eta ulergarritasuna hobetzeko etengabeko aholkularitza zerbitzua emanen du. Aldi berean, toponimiarekin eta tokiko hizkerarekin zerikusia duten ikerketetan eta proiektuetan parte hartuko du. Azkenik, toki entitateek Euskaltzaindiaren laguntza teknikoa jasoko dute mendiak, poligonoak, bide publikoak eta abarren izendapen egokia nola adierazten den argitzeko, bai eta azterlan zabalagoak egiteko jarraitu beharreko orientabide eta irizpide orokorrei buruz ere.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hitzarmen horren edukiaren berri emanen die elkartutako toki entitateei, eta toki entitateek egiten dituzten kontsulta guztiak koordinatuko ditu. Era berean, helburu horiek lortzeko, arlo horretan eskumena duten gainerako erakundeekin eta, bereziki, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzea aurreikusten da; bereziki, Nafarroako Gobernuan euskararen normalizazioaren arloan eskumena duen departamentuarekin.