Duela lau urteko udal hauteskundeetan baino bi zerrenda gehiago aurkeztu dituzte alderdiek eta koalizioek udalak berritzeko. Navarra Suma koalizioa desegiteak ekarri du hura osatzen zuten alderdiek hautagaitza gehiago aurkeztea. Maiatzaren 28ko hauteskundeak iritsi arte boto mobilizatzen ahaleginduko dira soilik zerrenda bana aurkeztu den sei udalerrietan: Arakil, Irañeta, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku eta Urdiain. Sei herrietan alkatea zein izanen den badakite dagoeneko.
Bestalde, bost udalerritan bina hautagaitza aurkeztu dira: Irurtzun (EH Bildu eta UPN), Uharte Arakil (EH Bildu eta PP), Arruazu (Independenteak eta UPN), Ergoiena (bi hautagaitza independente) eta Ziordia (EH Bildu eta Geroa Bai). Bi herritan hiruna zerrenda aurkeztu dira: Etxarri Aranatz (EH Bildu, PP eta UPN) eta Olatzagutia (EH Bildu, PSN eta UPN). Beste behin hautagaitza gehien pilatu duen herria Altsasu da (Geroa Bai, EH Bildu, UPN, PP eta Zurekin Nafarroa).
Nabarmentzekoa da alderdi sozialistak Altsasun ez duela hautagaitzarik aurkeztu. 2019ra arte beti izan ziren zinegotzi sozialistak Altsasuko Udalean. 1983tik 1991ra alkate sozialista izan zuen herriak. Hori guztia eten da eta PSNk Sakanan Olatzagutian besterik ez da aurkeztu hautagaitza. Bestetik, Navarra Suma koalizioa desegin ondoren hura osatzen zuten bi alderdien artean guztira zortzi hautagaitza aurkeztu zituzten, 2019an lau izan ziren. UPN eta PP eskuineko botoen bila Etxarri Aranatzen eta Altsasun elkarrekin neurtuko dira. 2019ra arte UPNk zinegotzi bat izan zuen Altsasun.
Berrituko ez direnak
Maiatzaren 28an bi erakunde berritu gabe geldituko dira. Batetik, Iturmendiko Udala. Duela lau urteko deialdian ere ez zen hautagaitzarik izan, ez udaberriko ez udazkeneko deialdian. Nafarroako Gobernuak kudeaketa batzordea izendatu aurretik herritar talde batek bere burua aurkeztu zuen eta foru administrazioak haiek izendatu zituen udal ordezkari 2020ko irailaren 9an. Ordutik ari dira udala kudeatzen, eta udazkeneko deialdira arte jarraitu beharko dute. Bestetik, berrituko ez den beste erakundea Zuhatzuko Kontzejua da, ez baita hautagaitzarik aurkeztu. Beraz, Juan Pedro Arregi Sarasak kontzeju presidente izaten segituko du udazkeneko deialdira arte.
Generoa
Ibarreko hamalau udaletako 114 zinegotzi aulkiak betetzeko 27 zerrenda aurkeztu dira, guztira 264 hautagai. Haietatik 146 (%55,30) gizonezkoak dira eta 118 (%44,70) emakumezkoak. 27 zerrendetatik 15etan alkategaia gizonezkoa da (%55,56). Beste 9 hautagaitzatan emakumezkoak dira alkategaiak (%33,33). Gainontzeko hiru (%11,11) hautagaitzak Irañetan eta Arruazun aurkeztu dira. Bi herriek 250 biztanle baino gutxiago dituztenez, hautesleek gogoko dituen hautagaien izen-abizenak markatzen ditu hauteskunde paperean. Beraz, bi herrietan denak dira alkategaiak.
Udal hauteskundeetara aurkeztutako 27 zerrendetatik bostetan (%18,51) daude emakumezko gehiago gizonezkoak baino: Ergoienako bi hautagaitza independenteak, Etxarri Aranazko eta Altsasuko EH Bildu eta Ziordiko Geroa Bai. Horretaz aparte, Uharte Arakilgo EH Bilduren hautagaitzan emakumezko eta gizonezko kopuru bera dago (%3,7).
Kontzejuak
Maiatzen 28ko deialdiarekin ibarreko hamalau kontzeju berrituko dira. Guztietan hautagaitza bakarra aurkeztu da, guztien artean 53 hautagai daude. Berrogeita hamar biztanle baino txikiagoko herrietan pertsona bakarra aurkezten da, esaterako Urritzolan, Ekain, Satrustegin eta Lizarragabengoan. Satrustegi ez beste, gainontzekoetan egungo kontzejuko presidentea aurkezten da. Haien artean emakumezko bakarra dago, Lizarragabengoakoa. Generoari erreparatuta, kontzejuak berritzeko aurkeztu direnetatik 33 (%62,26) gizonezkoak dira eta 21 emakumezkoak (%39,62).
Parlamentura
Kontzeju eta udal hauteskundeekin batera Nafarroako Parlamentua berritzeko hauteskundeak ere eginen dira maiatzaren 28an. Guztira 11 zerrenda aurkeztu dira. Eta haietan ere badira sakandarrak. EH Bilduren zerrendan bost sakandar daude: Eneka Maiz Ulaiar (3.), Oihana Gallo San Roman (12.) Miren Mendinueta Lakuntza (28.), Ander Muñoz Garcia (33.) eta Xochtil Karasatorre Mende (40). Geroa Bairen zerrendan, berriz, hiru: Unai Hualde Iglesias (2.), Javier Ollo Martinez (11.) eta Miren Aldaz Agirre (36.)
Bitxikeriak
Hauteskundeetara berriro aurkeztu diren alkateak hamar dira (%66,66), honakoak zehazki: Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Arbizu, Bakaiku, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. Bestalde, zerrendei erreparatuta izen ezagun asko ageri dira. Altsasuko Geroa Bairen zerrendan Unai Hualde Iglesias dago, Nafarroako Parlamentuko presidentea. Altsasuko EH Bilduren zerrendan, berriz, Bel Pozueta Fernandez dago.
UPNk ibarreko hautagaitzetan pertsona ezagunak ditu. Arruazukoa ixten Jose Ignacio Lopez Borderias dago, Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta senataria izandakoa. Etxarri Aranazko zerrendaburua Juan Frommknecht Lizarraga, Nafarroako Gobernuaren baitan zuzendari nagusi eta Iruñeko Udalean zinegotzi izandakoa. Zerrenda ixten Cristina Altuna Otxotorena dago, foru parlamentaria izandakoa. Erregionalisten Altsasuko hautagaitzan daude, besteak beste, Yolanda Ibañez Pérez UPNko idazkari nagusia, Jorge Esparza Garrido foru parlamentaria eta Ana Elizalde Urmeneta Iruñean zinegotzi izandakoa. Olatzagutiako zerrendan, berriz, Jose Maria Navarro Fandos, Tuterako zinegotzi ohia, eta Raquel Garbayo Berdonces, Cintrueñigoko alkate izandakoa eta foru parlamentaria, daude.
PPren zerrendetan ere izen ezagunak daude. Uhartekoa ixten, esaterako, Jose Manuel Hernando Garcia senataria eta Soriako PPko idazkari nagusia dago. Etxarri Aranazko hautagaitzako azken postuan dago Jose Enrique Sanchez Nuñez, Huelvako PPko idazkari nagusia eta senataria. Altsasun popularren hautagaitza ixten duena Pontevedratik senatari den Javier Jorge Guerra Fernandez da.
Hautagaitzak herrika
- EH Bildu (11)
Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. - UPN (5)
Irurtzun, Arruazu, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutia. - Independenteak (4)
Irañeta, Arruazu eta Ergoienan bi. - PP (3)
Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Altsasu. - Geroa Bai (2)
Altsasu eta Ziordia. - PSN (1)
Olatzagutia. - Zurekin Nafarroa (1)
Altsasu.
Udal hauteskundeetara aurkeztutako hautagaitza kopurua
Urtea Kopurua
- 2023 27
- 2019 25
- 2015 34
- 2011 33