Ergoiena Bizirik taldea sortu dute

Guaixe 2023ko mai. 2a, 13:02

Haurra gizonezkoaren sorbaldan, Lizarragako Intxorreta kalean. ARTXIBOA

Ergoendar talde batek sortu du egitasmoa, eta ibarreko hiru herritan haurrak elkar ezagutzeko ekimenak egiteko helburua du. Maiatzaren 6an, larunbata, ipuin musikatua izanen da Unanun; ekainaren 3an, larunbata, tailerrak Dorraon, eta irailaren 30ean, larunbata, txalaparta saioa Lizarragan.

Dorraon herriari bizitza emateko eta haurrak kalera atera eta jolas zitezen, mugimendua sortu zuten dorrobarrek pandemia aurretik. Izan ere, gaur egun Dorraon gaur egun 14 bat haur daude. Ergoienako Udalak uda guztietan ibarreko haurrendako Ergoienan Euskaraz aisialdi ekimena antolatzen du. Eskaintza hartan izena eman zuten familiek dorrobarren esperientziaren berri izan zuten. Ideiaren egokitasuna ikusi zuten eta ibar guztira dinamika bat zabaltzea egokia izanen zela pentsatu zuten. 


Emakumezko dorrobarra silletarekin. ARTXIBOA

Esan eta egin, horretan jarri ziren Ergoienan Euskarazen abaroan elkartutako sei ama. Ideiari forma eman eta harendako estalpea sortzea erabaki zuten: Ergoiena Bizirik. Aurten sortu dute taldea. Haren helburua da urtean zehar ibarreko hiru herrietan ekimenak antolatzea, haietan ibarreko haurrak elkar ezagutzeko aukera izan dezaten. Eta, bide batez, familiak eta ibarreko jendea ere. Jarduera egutegia prestatzeko Ergoienako Udalaren atea jo zuten eta haren laguntzaz, hiru data dituen ekimen egutegia antolatu dute. Ergoiena Bizirik taldekoen asmoa ere bada heldu eta adinduendako jarduerak antolatzea. Bestalde, taldekidek azaldu dutenez, Ergoienan Euskaraz aisialdi programan joan zen urtean 20 haur izan ziren. Aurrematrikulazioa ikusita aurten gehiago izanen direla jakinarazi dute, haur kopurua gora baitoa.