Nafarroa guztiko udal arduradunak foru administrazioak Tokiko Inbertsio Planeko dirulaguntzak noiz ebatziko zain denbora luze daramate. Baita sakandarrak ere, hainbat herri lan egiteko finantziazio eskaerak egin dizkiotelako Nafarroako Gobernuari. Atal bat joan zen ostiralean argitu zuen Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak. 2023-2025 aldirakoen berri eman zuen. Toki erakundeek 2026-2028 aldirako inbertsio eskaerak urtearen bigarren zatian aurkeztu beharko dituzte.
Foru administrazioak jakinarazitakoaren arabera, momentuz, bi udalek jasoko dute herri lanak egiteko dirulaguntza. Alde batetik, Arakilgo Udala dago. Etxarrenen sareak eta zoladura berritzeko 547.807,29 euroko (BEZ kanpo) aurrekontura duen proiektuak finantziazioa eskuratu du. Gobernuak zehaztutakoaren arabera, lanak aurten hasiko dira.
Bestetik, Altsasuko Udalak ere finantzazioa lortu du Ameztiako ur biltegitik San Joan kalera arteko ur hodia berritzeko. Ur ihes ugari daude bertan eta horiekin bukatu nahi du udalak. Horretarako 823.716,05 euroko (BEZ kanpo) proiektua du. Milioi erdiko dirulaguntza jaso du gobernutik, "jaso genezakeen gehiena", azaldu du Javier Ollo Martinez alkateak. Gaineratu duenez, "pozik gaude eta aurten obrarekin hasi beharko dugu, nahiz eta espero dugun Gobernuak malgutuko dituela Toki Inbertsioen Planari buruzko Foru Legeak berak ezartzen dituen epeak; izan ere, ebazpena atzeratu denez eta legegintzaldia akabera dela kontutan izanda, toki entitateek zaila izango dute gaur egun legeak aurreikusten diren epeetan justifikatzea". Ollok gaineratu duenez, "nahiko genukeen Nafarroako Gobernuak askoz lehenago ebatzi izan balu toki entitateen eskaera, eta ez legealdia amaitu baino hilabete bat lehenago".
Erreserban
Herriren batek jasotako dirulaguntzari uko egin edo foru administrazioak aurrekontu gehiago badu, erreserban gelditutako lanak, puntuazio zerrendaren arabera eginen lirateke. Erreserban ibarreko bost herrietako lanak daude. Haietatik zerrendan lehena Arbizuko Fernando Urkia kaleko sareak eta zoladura berritzea da. Arbizuk urari dagozkion eskumenak Sakanako Mankomunitatearen esku utzi zituen eta hark egin du dirulaguntza eskera. Sareak berritzeko 105.396,48 euro lirateke.
Erreserban gelditu direnen artean Uharte Arakilgo Udalaren eskaera bikoitza dago. Izan ere, udalak, alde batetik, Itxesia kaleko hornidura sarea berritu nahi du, mikrozementuzko hodia ordezkatzeko, eta, bestetik, Itxesi eta Errekabitarte kaleetako sareak berritu nahi ditu. Guztira lanek 413.313,47 euroko aurrekontua dute.
Egiarretako Kontzejuak San Ton kaleko 46 eta 48 zenbakien arteko sareak berritzeko asmoa du. Horretarako, 26.958,14 euroko aurrekontua duen proiektua aurkeztu zuen. Bestetik, Urdiaingo Udalaren nahia Sagardia kaleko sareak eta zorua berritzea nahi du. Uraren eskumena berari eman dionez, Mank-ek eskatu du lanetarako dirulaguntza. Proiektuak 341.919,19 euroko aurrekontua du. Azkenik, Iturmendiko Udalak Santa Marina eta Txorralde kaleko sareak berritu nahi ditu. 306.560,02 euroko aurrekontua dute lakon horiek eta laguntza eskaera ere Mank-ek egin du.
Atzera botatakoak
Nafarroako Gobernuak atzera bota ditu lau herriren finantzazio eskaerak. Onartu ez dituenen artean daude Hiriberri Arakilgo kale Nagusiko sareen zati bat berritzea. Arakilgo Udalak aurkeztu zuen eskaera. Urdiaingo Udalak, bestetik, baratze gunean ur kolektoreari heldu nahi zion, baina laguntzarik gabe, zain gelditu beharko du. Gauza bera egin beharko du Altsasuko Udalak bi lanekin: Gipuzkoa eta Bakea kaleetako zati banatan sareak eta zorua berritzea eta Dantzalekuko ur hornidura kolektorea berritzea. Azkenik, finantziaziorik gabe gelditu da Ziordiko Udalaren Dona Maria eta Mirariko sareak eta zorua berritzeko lanak.