Marsuaren 19tik 26ra Hegoafrikan jokatutako Cape Epic da munduko BTT probarik gogorrena, apirilaren 30ean Marokon abiatu zen Skoda Titan Desert Morocco 2023 probarekin batera. Maiatzaren 5era bitartean jokatuko diren sei etapatan Marokoko Atlaseko goi mailako mendiak eta basamortua gurutzatuko dituzte bertan parte hartuko duten txirrindulariek, 627 km eta 7.000 m desnibel + baino gehiago gaindituz. Javier Borrega Perianez altsasuarrak eta Miguel Angel Ariztegui Galarza iturmendiarrak ametsa bete eta bertan ari dira lehiatzen, Kosner-Saltoki Home taldearekin.
Javier Borrega: "Titan Deserten aritzera proposatu zigutenean, ezin genuen sinetsi"
Ametsa
Kosner-Saltoki Home Titan Desert irabazteko talde faboritoen artean dago. Egungo txapeldun Kenny Looser –bi Titan Desert irabazi ditu eta baita 2022ko Titan Desert Almeria– eta Vera Looser bere bikotea taldeko liderrak dira. Vera Looser 2022ko Titan Desert txapeldunordea eta 2022ko Titan Desert Almeriako txapelduna da, eta duela hilabete pasa Cape Epic mitikoa irabazi zuen. Miguel Indurain Tourreko txapeldun handia ere Kosner-Saltoki Home BTT taldean aritzera animatu da, beste biker handiekin batera, baina taldekide gehienak amateurrak dira, Javier Borrega eta Miguel Angel Ariztegui bezala. "Bizikletan ibiltzen garen ezagunek proposatu ziguten Kosner-Saltoki Home taldearekin bat egitea, Titan Deserten parte hartzeko. Eta biak animatu ginen, munduko BTT probarik gogorrenetakoan aritzea ametsa delako. Ezin genuen sinetsi" kontatu digu Borregak.
Borrega duatloi eta triatloi munduan ibili da azken urteetan, "baina BTTan eman nituen nire lehen pedalkadak". Miguel Angel Ariztegui, aldiz, mendi txirrindulari zaletua da, Altsasu BTT Zeharkaldian eta Monegros bezalako probetan lagunartean amateur gisa lehiatzen dena. Berarendako ere erronka itzela da Atlas mendikatea eta basamortua lotuko dituen proba ikusgarrian aritzea.
Bost hilabeteko entrenamendua
Duela bost hilabete egin zieten proposamena, eta abenduaren 1ean hasi zituzten Titan Desert prestatzeko entrenamenduak, taldeak gidatutako plangintza jarraituz. Astean bost egunetan entrenatu dute, asteburuko entrenamenduak luzatuz. "Biok batera entrenatu dugu ahal genuen guztietan, eta polita izan da. Astean zehar ordu erdiko entrenamenduak egin ditugu, eta asteburuan 4 ordu edo 4 ordu eta erdikoak. Entrenamendu nahiko gogorrak dira eta bere lana egin dute, sasoi betean gaudelako, fisikoki oso ongi" nabarmendu du Borregak.
Javier Borrega: "Basamortuak errespetu handia sortzen du. Ea nola egokitzen garen"
Sakanak eta Marokoko basamortu eta mendiek ez dute zerikusirik, "baina hemen dagoenera moldatu gara: Urbasa, Beunde, Urdalur... pistetan gehiago ibiltzen saiatu gara". Titan Desert prestatzeko duatloia eta bestelakoak alde batera utzi ditu Borregak. "Honetan zentratu naiz buru-belarri, proiektu polita delako eta egiten ari nintzenak baino gehiago bete nauelako. Erronka hau une egokian iritsi zait, berriro kirolera engantxatu naizelako".
Euren kasa entrenatzeaz gain, taldekideekin kontzentrazioak egin zituzten Calatayuden, Madrilen, eta marsuaren bukaeran Cambrilsen, aldi berean taldearen aurkezpena izan zena. "Harreman ona sortu da gure artean. Guztiak Titan Desert egiteko ilusioz gainezka gaude, eta horrek giro ona sustatzen du".
Disfrutatzera
Kosner-Saltoki Home taldean 40 biker dira guztira, horietatik 34 afizionatu. Haiei mekanikariak eta bestelako langileak gehitu behar zaizkie. Kenny Looser eta Vera Looser txapeldunez gain, Miguel Escolà eta Pilar Fernandez nabarmentzekoak dira, eta baita bikote misto gisa lehiatuko diren Josu Torres eta Ainara Elbusto nafarrak. August Pascualek 17 aldiz osatu du Titan Desert eta "titan legend"-etako bat da, 10.000 km baino gehiago egin baititu. Horregatik aitortza jasoko du Marokon. Bestalde, Miguel Indurain nola ibiliko den ikusteak ere jakinmina piztu du. "Indurainek hanka onak ditu. BTTra animatu da eta ikusiko dugu nola moldatzen den" dio Borregak. Profesionalek aurrean egoteko presioa dute, ez, ordea, taldeko amateurrek. "Guk ez dugu inolako presiorik. Disfrutatzeko eskatu digute, ongi pasa dezagula. Soilik norberak gure buruarekin dugun erronka da dugun presioa".
Bukatzea, eta Unzue laguntzea
Javier Borregaren erronka "Titan Desert bukatzea da, eta Juan Carlos Unzueren kausan laguntzea". Izan ere, Kosner-Saltoki Home taldeak bere taldeko txirrindulari bakoitzak Titan Deserten egiten duen kilometro bakoitzeko euro bateko dohaintza egingo dio ELA gaixotasunaren kontra borrokatzen duen Luzón Fundazioari. "Nik 627 kilometroak egiten baditut 627 euro bideratuko dira fundaziora, gehi beste taldekidek egiten dutena. Horrek bultzada ematen dit" nabarmen du Borregak. "Dena den, neure burua lasterketan ongi ikusten badut, aurrerago egoten saiatuko naiz. Unean ikusi beharko da" aitortu du, irribarrez. Miguel Angel Arizteguiren helburua proba bukatzea da. "Hori dio, horrekin izugarri poztuko litzatekeela".
Juan Carlos Unzuek berak egingo duten ahalegina eskertu die Kosner-Saltoki Home taldeko txirrindulariei, eta Marokon gertatzen dena jarraituko duela azaldu du esker onez taldera bidalitako bideoan.
Javier Borrega: "Helburua Titan Desert bukatzea da, eta Unzueren kausan laguntzea"
Mendi bizikleten abentura raida
Erronkarako prest daude Borrega eta Ariztegi, "baina gero basamortuari eta Titan Desert probari aurre egin beharko diogu, eta hori izango da zailtasunik handiena" argi du Borregak.
Basamortua ez baita txantxa. Dunak, maldak, area, egunean bero eta gauean hotz... Titan Deserteko txirrindulariek ez dute hoteletan atseden hartuko, etapa bakoitza despeditzerakoan bertan prestatutako haimetan baizik. "Finean, proba Dakar Rallyan oinarritzen da, baina ibilbidea autoekin edo motorrekin osatu beharrean, Titan Deserten mendi bizikletekin egiten dugu. Mendi bizikleten abentura raida dela esan daiteke. Basamortuko arean ibiltzea ez dela erraza diote".
Lehen bi etapak goi mendikoak dira, Atlas mendikatean (89 km eta 106 km). Hirugarren etapa mendian hasi eta basamortuan sartuko da, eta etapa nagusia izango da, maratoi etapako lehen sektorea (129 km). Txirrindulariek ezingo dute mekanikarien ez kanpokoen laguntzarik jaso. Laugarrena maratoi etapako bigarren sektorea izango da (133,5 km), bosgarrena dunen artean jokatuko da (98 km) eta seigarrena eta azkena etapa gorabeheratsua, Maadideko final klasikoa izango duena (71 km).
Basamortuari errespetu handia
"Ez dugu Marokoko lurrazal hori ezagutzen eta horrek errespetu handia sortzen du. Baita basamortuko klima aldaketa handiak ere. Egunean bero handia, 30-40 graduko tenperatura artean, eta horrek beldur pixka bat ematen digu. Nola aurre egingo diogun. Eta gauean hotz. Ez dakigu haiman ere ongi atseden hartuko ote dugun. Maratoi etapan ez dugu laguntzarik izango eta elikadurak eta matxura txikiak konpontzeko materiala eraman beharko dugu gainean. Lo egiteko ez dugu koltxoirik izango. Ea nola moldatzen garen" dio Borregak.
Txirrindulariek etapa bakoitzeko ibilbidearen tracka jasotzen dute, "baina nabigazioa egin dezakegu. Hau da, ibilbidean puntu jakin batzuetatik pasa behar dugu, baina puntu horietara heltzeko nahi dugun bidea har dezakegu, tracka jarraitzea ez baita derrigorrezkoa. Jakina, galtzeko arriskua dago, baina baita distantzia laburtzekoa ere. Ardura handia da. Bestalde, etapa batean hasierako tracka eta bukaerakoa emango digute, baina tartekoa ez, eta nabigazioaz orientatu beharko gara".
Neurrian
Lasterketari tamaina hartzea eta neurrian ibiltzea ezinbestekoa izango dute. Batetik, hornidura ongi zaindu beharko dute. Ura eta elikadura ongi dosifikatu eta neurtu beharko dute, eta behar bezala elikatu, indarrak ongi berreskuratzeko. Gastroenteritisa eta zauriak izaten dira aurkari gogorrenak, eta ekidin beharko dituzte. Bigarrenik, ezingo dira topera ibili, indarrak gorde beharko dituzte. "Lehendabiziko hiru etapetan ongi erregulatu beharra dagoela esan digute, egunak pasatu ahala etapak luze bilakatzen direlako eta indarrak alperrik ez galtzeko".
Javier Borregak eta Miguel Angel Arizteguik apirilaren 28an, hartu zuten Marokorako bidea, eta maiatzaren 7an edo 8an itzuliko dira. Ilusioz gainezka daude. Orain arte Javier Garziandia lakuntzarrak lortu izan du Titan Desert bukatzea. Borrega eta Ariztegui baita ere basamortuko titanak bilakatuta itzultzea espero dugu.