Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuak Hirugarren mailako areto futbol kopako derbi sakandarra hartu zuen. Liderrak, Aralar Mendik, Ibararte Xota izan zuen aurkari. Gauzak oso ongi hasi ziren Aralar Mendirendako, partida hasi eta lehen minutuan Jon Iribarrenek talde uharte arakildarra aurreratu zuelako. Ibararte Xotak ez zuen etsi eta bi minutu beranduago bana berdindu zuen Asier Gonzalezek. Partida gogortu zen eta emozio handikoa izan zen, Aralar Mendik lidergoari eutsi nahi ziolako eta Ibararte Xotak beheko postuetatik atera nahi zuelako.
Aukera ederrak izan zituzten bi taldeek, baina atzera ere Aralar Mendi aurreratu zen, Jorge Mariñelarenari esker. Alde gehiago atera nahi zuten uharte arakildarrek, baina ezin. Ibararte Xotak ere ez zuen berdintzea lortzen. Baina partida bukatzear zela egoerari buelta eman zion talde irurtzundarrak, 37. minutuan Igor Garmendiak bina berdindu eta 39. minutuan, azken minutuan, Oiar Agirrek garaipenaren gola sartu eta Ibararte Xotak 2 eta 3 irabazi zuenean. Azken minutuan galtzeak jota utzi zuen Aralar Mendi.
Derbia, orain Irurtzunen
Hala ere, Hirugarren mailako kopako lider jarraitzen du Aralar Mendik (6 puntu), Garbayo Chivite Cintruenigo bigarrenarekin puntutara berdinduta. Ibararte Xota hirugarren postura igo da (3 puntu). Kopako laugarren jardunaldian atzera ere Aralar Mendik eta Ibararte Xotak elkarren kontra jokatuko dute, baina kasu honetan apirilaren 29an, larunbata, 12:30ean Irurtzungo Atakondoa kiroldegian.