CGT, CNT, ESK, Solidari eta STEILASek nabarmendu dutenez, langileek "egunero gure gizarte eta lan eskubideen alde borrokatu behar dugu". Horren zergatiak zerrendatu dituzte: lan prekarietatea, aldi baterako kontratuak, soldata baxuak eta giza baldintzen eta segurtasunaren gainetik onurak lehenestea. Horregatik, bost antolakundeek adierazi dutenez, "inoiz baino beharrezkoagoa da kalera ateratzea eta bidegabekeria horiei guztiei eta horiek ahalbidetzen dituztenei aurre egitea". Haien afiliatuak eta zaleak Iruñeko Baratxurien plazatik 12:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Mobilizazioak 'bide bakarra: batasuna, duintasuna eta borroka' leloa du.
Gaztigatu dutenez, langileen "oinarrizko eskubideen autodefentsa kriminalizatzen da, oraindik indarrean dagoen mozal legearen edo beste errepresio ekintza batzuen bidez. Errepresio horrek zuzenean erasotzen gaitu". Horren adibide gisa jarri dituzte Asturieseko "La Suiza"ko langileak edo sindikalismoa egiteagatik espetxe zigorrekin mehatxaturik dauden Kadizko, Ponferradako eta beste hainbat lekutako kideek. "Horiei aurre egiteko, gizarte mugimenduek eta klaseko sindikatuek elkartasun eta elkarlaguntza sareak ehuntzen jarraitu behar dugu", nabarmendu dute bost sindikatuetako ordezkariek.
Egun "jasaten" ari garen sistema "kriminal, arrazista eta matxistatzat" jo dute, eta sistema horrek "langile klasea eta, bereziki, emakumeak bortizki erasotzen" dituela azpimarratu dute. CGT, CNT, ESK, Solidari eta STEILASek kideek gaineratu dutenez, "emakumeak gara lan baldintza txarrenak ditugunak eta lanaldi bikoitz eta hirukoitzak gure gain hartzen ditugunak, eta, gainera, zaintza-krisia geuk ordaintzen jarraitzea nahi dute". Horri konponbidea emateko proposamena ere egin dute: "lanak, lan guztiak banatzeko ordua da. Lanak banatu bai, baina baita enplegua ere, lan gutxiago egin guztiok lan egiteko".
Aldi berean, CGT, CNT, ESK, Solidari eta STEILASek zerbitzu publikoen defentsa egin dute. Izan ere, haien iritziz, "hezkuntza edo osasungintza, sistematikoki eraisteaz aparte, mutualitateek gero eta eginkizun handiagoa dute langileen osasunaren kontrolean. Osasungintza-sistema publikoa deskapitalizatuz urtean 14.000.000.000 euro lortzen dituzten mutualitateak".