Apaizak, borrokaren lehen lerroan

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Igoa Goñi eta Amaia Erdozia Anso 2023ko mai. 2a, 11:44

Apaiz Kartzela filma ikusteko aukera izan dugu igande honetan Etxarri Aranatzen, Pello Mariñelarena presoaren heriotzaren hogeita hamargarren urtemugaren harira. Filmak 1968 urtetik 1976ra Zamorako espetxean preso egon ziren euskal presoen bizipenak kontatzen ditu. Bertan egon ziren preso, besteak beste, hemeretzi urtez Etxarrin bizi izan zen Jon Etxabe eta Xabier Amuriza bertsolaria. Igandean Xabier Etxarrin izan zen filma ikusi ondoren solasalditxo bat eskaintzeko. Etxabek esker oneko agurra bidali du baina ezinezkoa izan zaio etortzea. Zamorakoa propio apaizak gatibu gordetzeko egokitu zen espetxea izan zen, Vatikanoak eta Franco diktadoreak egin zuten hitzarmen batetik sortua. Adibide bakarra da munduan. Berrogeita hamahiru apaiz egon ziren preso Zamoran, gehienak arrazoi politikoengatik preso zeudenak. Euskaldunekin batera, "konkordatu kartzela" honetan egon ziren Madrileko aldirietan langileen defentsan nabarmendu ziren "apaiz gorriak"; Asturias, Galiza eta Herrialde Katalanetan lan egiten zutenak ere bai (Lluis Maria Xirinacs apaiz eta ekintzaile katalanista ezaguna, adibidez).

Bi aldiz preso sentitzen ziren apaizak Zamoran. Francoren preso eta Vatikanoaren beraren preso. Gogor borrokatu ziren handik ateratzeko. Ihesaldi bat ere prestatu zuten, azken momentuan erori zena. Jon Etxaberen hitzak dira, Zamorako landan liburuan jasotzen direnak: "Urteetan taxuzko eskabideak alferrikakoak zirela ikusita, muturreko bidea hartu zuten apaizok: mutin bat lehenik, gose greba jarraian. Konkordatu kartzelarekin bukatzea zuten helburu. Ez zen une hartan xedea lortu, baina urte gutxiren buruan, Diktadorea hil ondoren, kartzela hura desagerraraztea izan zen politikoen lehen erabakietako bat".