Makusai Ziako toponimo bat da. Baita Izurdiaga Recordsen, kontzejuan musika taldeei uzten dieten gelan, sortu eta entseatzen duen talde bat ere. Tokiaren izenaren "sonoritatea" gustatu zitzaiela esan du Felix Mendia taldekideak, "japoniarra izan daiteke, baina euskalduna da", eta joko horregatik taldeari Makusai izena jartzea erabaki zuten. Duela bost urte inguru sortu zuten Kris Osetek, Remi Etxeberriak eta Mendiak berak. Ondoren, proiektura Iñigo Arburua eta Blanca Izkue batu zitzaien; boskotea izan arte, gaur egungo formazioa. Taldekideak Arakilgo, Irurtzungo eta inguruko herrietakoak dira, bateria jolea izan ezik, Zugarramurditik Izurdiagara entseatzera joaten baita. Musika aldetik "eklektikoak" direla azaldu du Osetek.
Makusai taldearen aurretik Hamaika aldiz taldeko kideak izan ziren Oset, Etxeberria eta Mendia. "Julio Sotorekin Euskara egun baterako abesti bat sortu genuen, Sortzen jai baterako beste bat...". Taldea desegin zenean hirurek "zerbait desberdina" egin nahi zutela erabaki zuten eta proiektu berria hasi zuten. "Letrak eta soinu desberdina bilatzen genuen, baita beste talde osaera bat ere". Aurreko taldetik desberdintzen zuten abestiak sortzen hasi ziren.
Denetarik
"Lehen reggae, ska eta horrelako musika egiten genuen, eta Makusainen estilo propio bat bilatu dugu", azaldu du Mendiak. "Eklektikoa", gaineratu du Osetek. Mendia: "Hau hasierako planteamendua zen eta nahasketak egiten jarraitzen dugu. Arrotxapean kontzertu bat eman genuen eta bukatzeko Chavela Vargasen abesti bat jo genuen. Gure errepertorioan denetarik sartzen da".
Oset abeslaria eta perkusio jolea, Etxeberria baxu jolea eta Mendia gitarra jolea eta ahotsa dira. "Hasieran erritmo kutxa bat erabiltzen genuen, elektronika. Ondoren, Patxi Mendinueta biolontxelo jolea sartu zen gurekin eta bolada polita izan zen". Pandemiarekin dena eten zitzaien, eta "indarrarekin" itzuli ziren; elektronika alde batera utzi eta bateria jolea, Aranburu, eta teklista eta ahotsa, Izkue, sartu ziren.
"Abestietan bakoitzak gure esparrua eta lekua dugu; puzzle bat bezala"
Abesti sorta "handia" dutela esan dute musikariek, hamasei edo hamazazpi sortu dituzte tarte honetan. "Sortzeko ez gara metodikoak. Edozein modutan izan daiteke". Etxeberriak edo Mendiak "zerbait" prestatzen dute eta gero entsegu lokalera, Izurdiaga Recordsera, eramaten dute eta denen artean abestia sortzen dute: "Denon artean egiten ditugu, bakoitzak gure ekarpena egiten dugu eta zerbait jartzen dugu. Bakoitzak gure esparrua eta gure lekua dugu. Puzzle bat bezala abestia osatzen joaten gara", azaldu du Mendiak.
Abestien "berbertsioak" ere egiten dituzte. "Badira abestiak oso egonkorrak direnak, baina beste batzuk biziagoak dira eta aldatzen joaten dira. Momentu horretan ikusten ez dugun abesti bat daiteke, ez gaudena eroso jotzen, eta egun batean berriz jotzen dugu eta aldatzea erabakitzen dugu. Berregiten dugu eta gustatzen zaigu".
Ultzamako Larraintzargo estudio batean Iñaki Larraiozek grabatutako diskoa edo "maketatxoa" kaleratu dute, bost abestiz osatuta: Ondoko belarra, Amets gaizto baten koplak, Koldarraren sinfonia, Bizitza eta Ametsaren anatomia. "Diskoaren formatuak ilusioa egiten zigun. Itxurosoa da, eta argazkiak ikus daitezke". Argazkiak Makusain Nerea de Diego argazkilariak egin zizkien. Oset: "Aurkezpen txartel bat da". Diskoa oparitzen dute.
Metaforak
Soinua eta hitzak "bilatzen" dituztela esan dute musikariek. "Mezuak ez dira argiargiak. Hitzekin jolastea gustatzen zaigu". Olerkiak ere musikatzen dituzte, Sarrionandiaren Haize gorria eta Ordu nabarmena, kasu. Alfonsina Estorniren olerki pare bat ere abesti bihurtu dituzte, Bizitza, esaterako: "Emakume argentinarra zen eta bizitza oso indartsua izan zuen. Uxue Alberdik bere olerkien liburu bat atera zuen eta asko gustatu zitzaidan", azaldu du Mendiak. Letrek "gauza askori" buruz hitz egiten dute: munduaren norabidea, kutsadura, pandemia... Pandemia garaikoa da Ez zarete beharrezkoak abestia: "Egun batean mundu batean lokartu eta beste batean esnatu dio".
"Estilo bat definitzeko orduan eztabaidak ditugu. Bakoitzak modu batera ikusten du". Pop rocka dela esan dute, baina New age bezala definitu dute haien musika. "Zergatik ez?".
Zuzenekoak "festa" bat direla esan du Mendiak. "Entsegu lokaleko lana oso polita da, baina jendeari eskaintzea are politagoa da". Landa eremuko eta herrietako talde bat dela esan dute, eta momentuz "gauden moduan" jarraitu eta kontzertuak eman nahi dituzte.