Futbola

Dantzalekuko derbiko puntuak Lakuntzara joan ziren

Guaixe 2023ko mai. 3a, 12:02

Lagun Arteak bi garaipen zituen orain arte, eta azken asteburuan beste bi lortu zituen. UTZITAKOA

Preferentean bi jardunaldi jokatu dira segidan. Lagun Arteak eta Etxarrik bina garaipen lortu dituzte, eta Altsasuk bi porrot

Preferente mailan, jardunaldi bikoitza jokatu zen asteburuan, Osasunak Real Madriden kontra  maiatzaren 6an jokatuko duen finalagatik asteburu horretako jardunaldia maiatzaren 1era aurreratu zelako.

30. jardunaldia
Preferenteko 30. jardunaldian Altsasuk 3 eta 1 galdu zuen Ilunberrin. Aitor Floresek sartutako gola ez zen nahikoa izan Ilunberriri aurre egiteko. 

Etxarri Aranatz pozik itzuli zen Soto Lezkairutik 0 eta 1 irabazi baitzion Lezkairuri Aimar Lizarragak sartutako golari esker. 

Azkenik, sailkapenean azkena den Lagun Arteak laugarren den Universidad de Navarra hartu zuen larunbat goizean Zelai Berrin eta lakuntzarrek sorpresa eman zuten, 2 eta 1 gailendu baitziren Endika Badasorok eta Iker Anduezak sartutako golei esker. Denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuten lakuntzarrek. 

31. jardunaldia
Maiatzaren 1ean 31. jardunaldia jokatu zen. Altsasuk eta Lagun Arteak derbia jokatu zuten Dantzalekun. Universidad de Navarrari irabaztetik zetozen lakuntzarrak, animoz beteta, eta partida bikaina egin eta gero Unai Zubiriak sartutako bi golei esker 0 eta 2 gailendu zen Lagun Artea, merezimenduz. Denboraldia gogorra izan da lakuntzarrendako, baina asteburu hau, bikaina. 

Etxarri Aranatzek ere beste hiru puntu gozo eskuratu zituen astelehenean, San Donato zelaian Soto Ibarbasori 3 eta 2 irabazi eta gero. Javier Fernandez de Garayalde, Iñigo Arratibel eta Xabat Goikoetxea izan ziren golegileak. 

Sailkapena
Preferente mailako sailkapenean Amigo liderra da (69 puntu), Altsasu hamabigarren postura jaitsi da (40 puntu), Etxarri Aranatz hamazazpigarren da (26 puntu) eta Lagun Artea 18. (20 puntu). Asteburuan, esan bezala, ez dago jardunaldirik.