Areto futbola

Derbia, bigarrenez, Ibararte Xotaren alde

Guaixe 2023ko mai. 4a, 10:30

Ibararte Xotakoak, garaipena ospatzen. XOTA

Hirugarren Mailako Kopako laugarren jardunaldian Ibararte Xotak Aralar Mendi hartu zuen Atakondoan

Hirugarren Mailako Kopan, hasierako faseko laugarren jardunaldia jokatu zen. Atzera ere, derbi sakandarra izan zen, baina kasu honetan Irurtzunek hartu zuen Ibararte Xotaren eta Aralar Mendiren arteko derbia. Uharte Arakilen jokatutako derbian Ibararte Xota gailendu zen, eta Irurtzunen apirilaren 29an, larunbata, jokatutakoan ere irurtzundarrak gailendu ziren, 5 eta 1. Igor Garmendia, Oier Agirre, Mikel Beloki, Iñaki Villanueva eta Issa El Akkari izan ziren talde irurtzundarraren golegileak, eta Aralar Mendikoa Jorge Mariñelarenak lortu zuen. 

Sailkapenean, Aralar Mendi da liderra (6 puntu), San Juan bigarren, Ibararte hirugarren eta Garbayo Chivite laugarren, guztiak seina punturekin. Lehen faseko bosgarren eta azken aurreko jardunaldia maiatzaren 19 eta 21 bitarteko asteburuan jokatuko da. Aralar Mendik Garbayo Chivite Cintruenigo hartuko du Uharte Arakilen, eta Ibararte Xotak San Juan taldeari ongi etorria egingo dio Irurtzunen.