Botoa emateko aukerez

Guaixe 2023ko mai. 5a, 10:02

Uhartearrak botoa ematen. ARTXIBOA

Aurrez aurre edo posta bidez emateko aukera dago. Mugikortasun arazoak edo ikusmen urritasuna duten pertsonendako boto irisgarria dago. 

Kontzeju, udal eta foru hauteskundeak izanen dira maiatzaren 28an. Botoa eman nahi duenak hori egiteko bi aukera ditu. Bata da aipatu egunean bere hauteslekura joatea bere burua identifikatzea eta botoa hautetsontzian sartzea da. Bestea posta bidez botoa ematea da. Hori egin nahi duenak eskaera egin beharra du. 

Horretan ere aldea dago estatuan bizi edo beste herrialde batean biziz gero (CERA eta ERTA botoa). Estatuan bizi eta posta bidez botoa eman nahi duenak maiatzaren 19ra arteko epea du eskaera egiteko. Pertsonalki Correosen bulego batera joan behar du. Eskaera egin eta beharrezko materiala jasota, posta ziurtatuaren bidezko botoa maiatzaren 24ra arte bidali ahal izango du. 

Estatutik kanpo iraunkorrean bizi direnek, botoa pertsonalki utzi behar dute dagokien enbaxadan, kontsulatuan edo gaitutako beste zentro batean maiatzaren 20tik 25era bitartean bertan aurkituko duten hautetsontzietan. Posta bidez ere bidal dezakete botoa, ahal izanez gero ziurtatuta, maiatzaren 23a baino lehen. Atzerrian aldi baterako bizi direnek, berriz, apirilaren 29ra arteko epea zuten eskaera egin, bete eta pertsonalki kontsulatuan edo enbaxadan aurkezteko. Haien kasuan botoa emateko, posta ziurtatu bidez bidali beharko dute gutun azala boto paperekin maiatzaren 25a baino lehen.
 
Botoa eta irisgarritasuna
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonendako, posta bidez botoa emateko inprimakiaren eskaera hura ordezkatzen duen beste pertsona baimendu batek egin ahal izango du haren izenean, Correosen edozein bulegotan, maiatzaren 18ra arte. Bestetik, ikusmen urritasun larria duten pertsonek doako telefonora (680 255 849) deitu behar zuten maiatzaren 1era arte, braille bidezko dokumentazio osoa bermatzen dion bozketa prozedura irisgarria eskatzeko.