Ur kontagailuen irakurketa egiten hasi da Mankomunitatea

Guaixe 2023ko mai. 8a, 11:47

Ur kontagailua. MANK

Ibarreko erakundearen Ur Zerbitzuan dauden zazpi herrietan hasi zuen lan hori maiatzaren 3an.

Sakanako Mankomunitateak jakinarazi duenez, ur kontagailuen irakurketa egiten hasi da Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Bakaikun, Iturmendin, Urdiainen eta Olatzagutian. Eginen duen irakurketa aurtengo lehen hiru hilabetekoa da. Ibarreko erakundetik gaztigatu dutenez, irakurketa egiterakoan langileek etxeren batean bakarren bat opatzen ez badute oharra utziko diote. Etxejabeak hartan bere ur kontsumoaren irakurketa idatzi eta Mank-i jakinarazi beharko dio. Ur kontagailuan beltzez dauden komaren aurreko zenbakiak hartu behar dira. Horretarako lau bide daude: 948 464 867 telefonora hots eginez, 663 399 732 telefonora Whatsapp mezua bidaliz, www.sakana-mank.eus webgunearen bidez edo ura@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbidera mezua bidaliz. 

Mank-eko arduradunek ohartarazi dutenez, “garrantzitsua da irakurketa bidaltzea; hiru hilabete hauetan kontsumorik ez bada neurtzen, hurrengo ordainagirian kobratu beharko da atzeratutako kontsumo hori. Beraz, bi hiru hilabeteen kontsumoa ordainagiri batean joango da, ordaindu beharrekoaren zenbatekoa handituz”.