Duatloia

Maiza eta Vergara, duatleta mundialak

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 8a, 11:20

Ibizako Duatloi Mundialean euren adin tartean estatuko lehenak izan ziren bi sakandarrak

Apirilaren 29an eta 30ean Munduko Duatloi Txapelketa jokatu zen Ibizako Santa Eulalia del Rion, hainbat kategoriatan. Bertan Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza Begiristain eta Peio Vergara Garcia sakandarrak lehiatu ziren, Espainiako selekzioan. 2022ko irailean Bilbon jokatutako Europako Duatloi Txapelketan lortu zuten Mundialetan lehiatzeko txartela. Aurretik, Espainiako Txapelketan lan bikaina egitetik zetozen biak. Europako Txapelketan, Juan Luis Maiza 55 eta 59 adin tarteko Europako txapelduna izan zen, eta Peio Bergara 65 eta 69 adin tartean laugarrena. 

Ibizako Mundialean 5 km korrika, 20 km bizikletan eta 2,5 km korrika egin behar izan zituzten, eta bi sakandarrak primeran aritu ziren. Juan Luis Maiza bosgarren sailkatu zen 55 eta 59 adin tarteko Mundialean eta espainiar estatuko lehena izan zen (59:11). Peio Vergara 18. sailkatu zen Mundialean 65 eta 69 adin tartean, espainiar estatuko lehena (1:10:45).