Futbola

Sakana gorritxoa

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 5a, 14:45

Osasunak gorritxo sakandarren babesa izango du La Cartujan. UTZITAKOA

103 urteko ibilbidean Osasunak Errege Kopako bere bigarren finala jokatuko du, Real Madriden kontra. Sakandar asko jaitsiko dira Sevillaraino, gorritxoak Osasunaren hamabigarren jokalaria baitira, ezinbestekoak

Nafarroa lurralde anitza eta zabala da, paisaian, izaeran, ohituretan, egunerokotasunean eta bizitzeko moduan. Nafar guztiok batzen gaituen elementu amankomun bat topatzea ez da erraza, baina badago salbuespen argi bat: Osasuna Futbol Kluba. Osasunak nafar guzti-guztiak batzen ditu, Beratik Cortesera eta Ziorditik Izabara.

Osasuna futbol taldea bigarrenez sailkatu da Errege Kopako finala jokatzeko. 2005eko ekainaren 11n Osasunak Real Betis taldea izan zuen aurkari Madrilgo Vicente Calderón futbol zelaiko final gogoangarrian. 2 eta 1 galdu zuten gorritxoek. Hemezortzi urte geroago, Errege Kopa txapelketa bikaina jokatu eta gero, egoera berdinean daude gorritxoak, final handi baten atarian. 103 urteko historian, Kopako bere bigarren finala jokatuko du Osasunak, baina kasu honetan eszenatokia eta arerioak beste batzuk dira. Talde gorritxoak Real Madrid izango du aurkari maiatzaren 6an Sevillako La Cartuja estadioan 22:00etan hasiko den final handian. 

Finalak sekulako ilusioa piztu du Nafarroa guztian, baita Sakanan ere. Osasunak La Cartujako finalerako 20.610 sarrera jaso zituen Espainiako Futbol Federaziotik. Horietatik %94, 19.391 sarrera hain zuzen ere, bazkideen eta “Gorritxoa naiz” karneteko titularren artean jarri zituen salgai, salmenta prozesu luze eta korapilatsuan. Gainontzeko 1.219 sarrerak jokalarien senitartekoen, Osasunako langileen, babesleen eta bestelakoen artean banatu ditu klubak. Horiei bestelako bideetatik euren sarrera lortu duten gorritxoak gehitu behar zaizkio. 25.000 gorritxo baino gehiago bilduko omen dira Sevillan. Beraz, Osasunari ez zaio animorik, zalerik eta babesik faltako La Cartujan. 

Fan Zonea eta Gune Gorritxoa
Osasunaren Fan Zonea edo zaleen gunea Magallanes parkean egongo da, Triana auzo famatuaren ondoan. Zubia gurutzatuta, Alde Zaharra dago. 11:00etatik 18:30ak arte egongo da zabalik, eta jatetxea, taberna, Osasuna denda, photocalla, haurrendako parkea eta jolasak, komunak, mediku-zerbitzua... denetatik izango du. 

Bestalde, Osasuna kluba La Cartujatik gertu dagoen Rio Terraza aisialdi gunearekin akordiora iritsi da, eta gune hori Gune Gorritxoa izango da. 6.500 pertsonendako tokia du, eta ostiralean eta larunbatean gorritxo bilakatuko da. Ostiralean 8:00etatik goizaldeko 5:00etara egongo da zabalik, eta larunbatean 18:30etik goizeko 5:00etara, eta Osasunaren ospakizunen gune bilakatuko da.

Denetariko planak
Sakanako bailara eta txoko guztietatik abiatuko dira Osasunazaleak Sevillara. Hegazkinez, trenez, autoz, autobusez, autokarabanaz... denetariko planak ondu dituzte guztiek, helburua Osasuna animatzea eta bizitza guztian oroituko duten asteburu bikaina pasatzea baita. Eta, zergatik ez, kopa Nafarroara ekartzea. 

Etxean gelditzen diren gorritxoek ere behar bezala jarraituko dute finala. Sakanako herri guztietako zaleak taberna, jatetxe edo elkarteetan bilduko dira finala lagunartean edo familian ikustera. Bazkari asko antolatu dira larunbatean, eta giroa ziurtatuta dago. Altsasu Alde Zaharreko festetan murgilduta egongo da, baina gehienek partida jarraituko dute, jai giroan. Eta, jakina, sakandar askok eta askok Iruñeko bidea hartuko dute, finala bertan jarraitu eta ospatzera. Aurreratutako sanferminak.

 

GORRITXO SAKANDARRAK SEVILLARA

  • Gorritxo sakandarrei galderak:
    1. Zenbat joango zarete Sevillara?
    2. Osasunako bazkideak al zarete?
    3. Finaleko sarrera al duzue?
    4. Nola jaitsiko zarete Sevillara?
    5. Zein da plana?
    6. Osasuna vs Real Madrid. Zein da zuen pronostikoa?

 


1. IRURTZUN. Gaizka Angulo Beloki
1. Hamar lagun goaz, kuadrillakoak eta helduagoak diren ezagunak, guztiak irurtzundarrak. 
2. Guztiak gara bazkideak. Urte batzuk daramatzagu Sadarren.
3. Sarrera dugu denok. Sarrerena nahasmena izan zen, baina guztiak batera egongo gara Cartujan.
4. Banatuta goaz. Hiru hegazkinez joango dira, beste lau autoan eta beste hiru zalantzan gabiltza, hegazkina hartu edo autoan joan. Bidaia luzea da, autoz 9 ordu dira, paliza handia. Erabakiko dugu.
5. Ostiralean Sevilla ezagutu: Alde Zaharra, Giralda... eta larunbatean Osasunaren Fan Zonera hurbilduko gara, bazkaldu, eta finalerako prest.
6. Partida oso-oso zaila ikusten dut, baina finala partida bakarrera izanda, aukeraren bat egon daiteke. Pronostikoa? Osasunak 2 eta 1 irabaztea, azkeneko momentuan edo luzapenean. Irabaziko balu, sekulakoa litzateke ospakizuna. Aurreko finalean ez ginen egon, aurten egongo gara, eta ea kopa ekartzen dugun. Gustura ospatuko genuke. 

 

2. HIRIBERRI (Arakil). Markel Azkona Unanua
1. Hamarren bat gara. Gehienak Hiriberrikoak gara. Etxarriar bat infiltratu zaigu, eta bi iruindar. 
2. Batzuk bazkideak dira, gainontzekoak ez. Ni bazkide izan nintzen, baina aurten utzi nuen eta behin baino gehiagotan damutu naiz.
3. Gehienok sarrera dugu, baina bi falta zaizkigu eta horretan dabiltza. 
4. Bi taldetan banatuko gara. Batzuk autoz Caceres arte joango gara, eta han autokarabana bat alokatuko dugu Sevillaraino joateko. Beste batzuk Mallorcara doaz eta handik Sevillara hegan egingo dute, autokarabana hartu eta autokarabana gunean elkartuko gara guztiak. Ostirala jai hartu dugu, eta goizetik abiatuko gara.
5. Ostiralean bueltatxo bat egingo dugu Sevillan, eta asmoa da larunbatean goizetik topera hastera.
6. Nik konfiantza dut Osasunak sorpresa eman dezakeela. Hala ez bada, ez dago arazorik, festa egingo dugu han. Sorpresa ematen badu, pozik, eta bestela ere, oso pozik. Irabaziko balu... ez dakit nola itzuliko ginateke (kar, kar...). 

3. IRAÑETA. Mikel Armendariz Juango
1. Hiru goaz: anaia, lehengusua eta hirurok. 
2. 25 urte daramatzat bazkide izaten, eta anaia ere bazkidea da.
3. Hirurok sarrera dugu.
4. Anaiak eta biok larunbatean goizeko bostetan trena hartuko dugu Iruñean, Zaragozaraino, eta bertan AHT hartuko dugu, Sevillaraino, Osasunak antolatu duen tren bidaia. Eguerdi aldera iritsiko omen gara. Lehengusua autoan jaitsiko da, beste ezagun batzuekin. 
5. Osasunaren Fan Zonera hurbilduko gara, Osasunako gainontzeko zaleekin elkartzeko, gero finalera joango gara eta finala bukatuta, goizaldeko ordu bata eta erdietan bueltako trena hartuko dugu. Paliza izango da, baina beno. Madrilgo 2005eko finalean egon ginen, eta aurten Sevillakoan.
6. Alde batetik, errealista izanda uste dut galduko dugula, baina, bestetik, ez da itxaropena galdu behar. Agian, guk egun ona dugu eta beraiek txarra, nork daki. 1 eta 0, Osasunak irabaztea. Horren alde egingo dut. 

4. UHARTE ARAKIL. Veronica Gonzalo Etxarri
1. Gure taldean bederatzi goaz: adinduak, haurrak, gazteak... guztiak batera. Badakit Uharte Arakildik jende gehiago ere joango dela. 
2. Guztiak bazkideak gara.
3. Guztiok sarrera dugu.
4. Bi autotan egingo dugu bidaia. Ostiral goizean abiatuko gara Uharte Arakildik, eta Sevilla erdigunean apartamentu bat alokatu dugu. 
5. Ostiralean afaldu eta bueltatxo bat emango dugu. Larunbat goizean Sevilla ikusiko dugu pixka bat, eta arratsaldean finaleko giroan murgilduko gara. Pisua Osasuna Fan Zonetik oso gertu dugu, beraz, giroaren erdi-erdian egongo gara.
6. Zaila izango da, baina ahal da. Zergatik ez? Partida batera, edozer gerta liteke. 2 eta 1 Osasunaren alde. Irabaziko balu... ikaragarria litzateke. 

5. LAKUNTZA. Uxua Azpiroz Armendariz
1. Gu familian jaitsiko gara, bikotea eta bi semeekin, autokarabanan. Beste furgoneta batean lagunak doaz, eta baita autobusean ere. Guztira hamabost lagun inguru. Baina Lakuntzatik jende askoz ere gehiago doa. Batzuk sarrerarik gabe, kanpoko giroa bizitzeko eta Osasuna laguntzeko gogoz. Sevillara jaisteko zirrara sumatzen dugu, eta urduritasuna ere.
2. Gu laurok Osasunako bazkideak gara.
3. Sarrerak ditugu. Sarrerena nahiko prozesu zaila eta estresantea izan da, egia esan.
4. Ostiralean, haurrek eskola eta helduek lana bukatuta, arratsaldean, laurak aldera aterako gara. Nekea sumatzen badugu gaua egingo dugu bidean, eta indartsu bagaude zuzenean joango gara Sevillara. Autokarabana gunea Triana auzoaren ondoan dago, oso gertu. Plana? Gorritxoz jantzi eta disfrutatu. Osasuna Fan Zonera joango gara, baina gero Cartujaraino 7 km daude... giroa ikustea eta ongi pasatzea. Partida ikusita, karabana gunera buelta, eta igandean etxera bueltatu. Ea nolakoa den buelta...
6. Hau Daviden eta Goliathen arteko norgehiagoka da. Meriturik handiena norena den, argi dugu, baina edozer gerta daiteke. Osasunak egiten duena egiten duela ere, beti jarraituko dugu beti bezain gogotsu Osasuna animatzen. Pronostikoa? Zerbait esateagatik, 2 eta 1, Osasunaren alde. Irabaziko balu... izugarria litzateke!

6. ARBIZU. Erkuden Perera Razkin
1. Sei goaz, familian. Autokarabana alokatu dugu Ascaravanen, eta guztiak batera goaz. Bikotea, seme zaharrena, anaia eta iloba, eta ahizpa. 
2. Guztiok gara bazkideak.
3. Sarrerak ditugu. Aitaren sarrerarekin ahizpa joanen da. Aita aspalditik denez bazkide, eta antzinatasunaren arabera hartu ahal ziren sarrerak, lehendabizikoetakoak ginen eta nahiko ekonomikoak hartu ditugu. “Ikuspegi murriztukoak” dira eta agian golak entzun egingo ditugu ikusi baino, baina han egongo gara (kar, kar...).
4. Ostiralean aterako gara, 16:00ak aldera, Sevillarantz. Ez dugu autokarabana gunerik hartu;  La Cartuja futbol zelaitik ahalik eta gertuen aparkatzen saiatuko gara, abenturan. 
5. Sevilla zer edo zer ikusten saiatuko gara. Osasunak Fan Zone edo gunea du, baina ez dugu goizetik han sartuta egon nahi, bueltatxo bat eman nahiko genuke. Goizean Sevilla pixka bat ikusi eta arratsaldean zaletu guztiak elkartzen diren tokira joan eta elkarrekin denok futbol zelaira joan. Ea haurrek aukera ematen diguten. 
6. Osasunak irabazi, jakina! Ilusio horrekin joango gara. Athletic-en kontra ere ez genuen ustez asko egiterik, eta irabazi egin genuen. Zergatik orain ez? Partida bakarra da eta edozer gerta daiteke. Ilusio eta itxaropen horrekin goaz. 2 eta 1, Osasunaren alde. 

7. DORRAO (Ergoiena). Patxi Lizarraga Pueyo
1. Aurreko finalean, 2005ekoan, ez ginen joan Madrila eta aurten esan genuen: joan beharra dago, Osasuna bezalako talde txiki batendako hau ez baita urtero gertatzen. Dorraoko lehengusu batekin, Altsasun bizi den Lizarragako lehengusu baten semearekin, eta bere lagun batekin goaz laurok. Dorraotik beste bikote bat ere joango da, bi seme txikiekin. 
2. Ni eta lehengusua bazkideak gara. 
3. Sarrera dugu.
4. Hasieran, trenean edo autobusean joatea egon ginen pentsatzen, baina 12 ordu han sartuta... eta azkenean autoan jaitsiko gara. Ostiralean aterako gara. Meridaraino joango gara, hura ezagutu, eta han lo egingo dugu. Eta larunbatean Sevillara goaz.  
5. Sevillan Osasunaren Fan Zonera joango gara nafarren artean egotea eta alde zaharrean pote batzuk ere hartuko ditugu. Gero La Cartuja estadiora joango gara. Finalaren ondoren hotelean lo egingo dugu, eta igandean buelta etxera, koparekin poz-pozik gora (kar, kar).
6. Guztiek Real Madrid jotzen dute faborito, baina halako partidetan ilusioek eta gogoek asko bulkatzen dute. Madrilek ere asteartean beste partida bat dauka, Championsekoa... Nik uste bana berdinduko dugula eta penaltietan Osasunak irabaziko duela. Sergio Herrera oso ongi moldatzen baita penaltietan. Gogotsu gaude, ea ongi pasatzen dugun eta kopa etxera ekartzen dugun.

8. ETXARRI ARANATZ. Luis Goñi Igoa
1. Anaia eta ni joango gara elkarrekin, eta Sevillan ilobarekin eta haren kuadrillakoekin elkartuko gara. Hamalauren bat lagun izango gara guztira. Etxarri Aranaztik jende asko jaitsiko da Sevillara, hala entzuten da. 
2. Anaia bazkidea da. Ni eta iloba bazkideak izan gara, baina guaixe bertan ez gara.
3. Anaiak, ilobak eta hirurok sarrerak ditugu, baina ilobaren kuadrillakoek ez. Haiek Sevillako giroa biziko dute.
4. Anaia eta biok trenez joango gara. Larunbatean 7:30ean aterako gara Iruñetik, Zaragozaraino. Han, AHT hartuko dugu eta 14:00ak aldera iritsiko omen gara Sevillara. Partida bukatu eta ordu pare batera trena hartuko dugu etxera itzultzeko.
5. Osasunaren Fan Zonera joango gara. Beroa egingo duela diotenez, horri kontra egiteko kalimotxo batzuk hartu beharko ditugu (kar, kar...) eta hango giroaz gozatu. Eta ahal den guztian ongi pasatu, halako aukerarik ez dakit beste inoiz izango ote dugun. Beraz, ahal den gehiena disfrutatzea da asmoa. 
6. Alde batetik, esperantza handirik ez dut, egia esateko. Ez nago oso konbentzituta, agian gero zartakoa horren handia ez izateko. Baina, bestetik, ezin dut esan Osasunak galdu egin behar duenik. Beraz, 0 eta 1, ea Osasunak irabazten duen. Ilusioa izan behar da beti, partida batetara ez baitakigu zer gerta daitekeen. Ea Osasunak irabazten duen. Osasunak irabaziko balu... akabo, errematea litzateke. Agian trena galduko genuke, ez dakit trenean itzuliko ote ginen (kar, kar...). Eta Etxarrira iritsi baino lehen, Iruñean geldialdia egingo genuke, jakina. 

 


9. BAKAIKU. Irune Lopez de Zubiria Uriz
1. Anaia eta biok goaz Sevillara, gurasoekin. Bakaikutik ere jende gehiago jaitsiko da.
2. Ni eta bikotea bazkideak gara, baina mutilak ezin duenez jaitsi, anaia doa bere partez.
3. Anaiak eta biok sarrera dugu, eta gurasoek kanpoan ikusiko dute.
4. Autoz joango gara. Gurasoek eramango gaituzte. Joan eta etorri egingo dugu. Larunbatean oso goiz aterako gara, bostak aldera, eguerdirako iristeko. Partida ikusi eta buelta etxera. 
5. Momentuan ikusiko dugu, ez dugu zehaztu. Giroaz gozatu nahi dugu, hemengo jendearekin elkartu... La Cartujara joango gara, eta anaia eta biok estadiora sartuko gara eta gurasoek ondoan dagoen tabernan ikusiko dute partida, Osasunak prestatu duena. 
6. Nik uste edozer gauza gertatu daitekeela. Real Madrid talde oso ona da, baina partida bakarra izanda nik uste dut 2 eta 1 irabaziko dugula. Irabaziko balu ikaragarria litzateke, kristoren parranda. Ea egonaldia luzatzen zaigun... (kar kar). 

10. ITURMENDI. Mikel Galarza Maiza
1. Iturmenditik 25en bat inguru joango gara: gazteak, nagusiak, familiak, haurrak... denetarik. Gorritxo asko gaude Iturmendin.
2. Den denak ez, baina gehienak bazkideak gara. Gure kasuan, etxeko laurak, bikotea eta bi haurrekin.
3. Guztiok sarrera daukagu.
4. Banatuta joango gara. Helduenak hegazkinez doaz. Batzuk auto partikularretan. Gure kasuan, haurra duen beste familia batekin elkartu gara eta furgoneta bat alokatu dugu bi familiak elkarrekin joateko. Zazpi gara. Ostegun gauez abiatuko gara, haurrendako bidai erosoagoa izateko.
5. Guk hotela hartu dugu Sevillan. Ostiral eta larunbat guztia dugu Sevillan giroan gustura egoteko. Lo egin eta igandean buelta egingo dugu.
6. Zaila izango da, baina futbolak gauza asko eman ditzake, ea aukera dugun kopa Nafarroara ekartzeko. Nik uste dut partida husna bukatuko dela eta penaltietan erabakiko dela. Eta hor ea Herrerak geldialdi bikainak egiten dituen... Gertatzen dena gertatuta, gure kasuan hotelera joan beharko dugu.


11. URDIAIN. Javier Lopez de Goikoetxea Olloquiegui
1. Sei lagun goaz Sevillara, semea eta lagunak, guztiak nahastuta. Badakit herritik beste lau joango direla, familia bat. 
2. Bazkideak gara.
3. Guztiok sarrera dugu.
4. Athletic-i finalerdia irabazi bezain pronto berehala begiratu genuen apartamentu bat, Sevillan bertan lortu genuen. Eta zazpi tokiko furgoneta bat alokatu dugu Sevillara joan etorria egiteko.
5. Ostiral eguerdian aterako gara, han egingo dugu gaua, eta larunbatean, parranda eta finala ikusi. Bertan lo egin, eta igandean, lasai-lasai egingo dugu buelta. Osasunako Fan Zone 11:00etatik zabalik egongo da, beraz, han inguruan ibiliko gara hemengo jendearekin. Alde zaharra ere nahiko gertu omen dago... bueltaren bat egingo dugu.
6. Oso zaila da, baina irabazteko apustua egingo dut. 2 eta 1, Osasunaren alde. Galduta ere ongi, Osasuna bezalako talde batendako kristorena baita final batera heltzea. Historian bigarrean aldia, 100 urtetan. Irabaziko balu? Agian ez gatoz lanera (kar, kar...). 

12. ALTSASU. Asier Beramendi Gallo
1. Lau lagun joango gara, 2005eko Errege Kopako finalera ere Madrilera elkarrekin joan ginenak, orduan Sakanako Gorritxoak taldetik antolatu genuen autobusean. 
2. Bazkidea naiz. 
3. Sarrerak ditugu. 
4. Autoan jaitsiko gara. Ostiral gauean aterako gara. Furgoneta batean goaz, larunbata Sevillan emango dugu eta igandean buelta egingo dugu.
5. Osasunaren Fan Zonean gainontzeko gorritxoekin bilduko gara eta gero La Cartujara joango gara, gorritxoek nola irabazten duten ikustera. 
6. Ez dut zalantzarik, argi eta garbi Sevillatik kopa ekarriko dugu. Taldeak nola jokatzen duen ikusita, hala sentitzen dut. 2 eta 1, Osasunaren alde. 2005ean ilusio handiz joan ginen Madrilera, baina luzapeneko azken momentuan, bana berdinduta geundela, Betisek garaipenaren gola sartu zuen. Penaz itzuli ginen Madrildik, oso triste, batzuk negar malkotan. Baina, hala ere, cava botilak genituen eta topa egin genuen. Aurten kopa irabaziko dugu eta kaskainetekin etorriko gara Sevillatik (kar, kar...). 

 

13. OLAZTI. Olatz Bados Ganuza
1. Bost goaz. Ni eta aita, beste lagun bat eta bere semea, eta beste lagun bat.
2. Gainontzeko laurak bai, baina ni ez.
3. Sarrerak ditugu.
4. Ostiral eguerdian abiatuko gara, Meridaraino. Han gaua egingo dugu. Larunbat goizean autobusa hartuko dugu Meridatik Sevillaraino, eguna bertan pasako dugu, eta finalaren ondoren, goizaldeko ordu bata eta erdietan autobusa hartuko dugu Meridaraino joateko. Igandean itzuliko gara etxera. 
5. Goizean Sevilla pixka bat ezagutzeko asmoa dugu, bueltatxo bat emateko. Eta gero La Cartujara gerturatuko gara, Osasunak duen Gune Gorritxora. 
6. Partida zaila da, baina zeinek daki! Irabaztea espero dugu, ilusio horrekin goaz, baina bestela ere ongi pasatzea da asmoa. Osasunak 3 eta 2 irabaziko dio Real Madridi. Irabaziko balu, eromena litzateke!

14. ZIORDIA. Juanjo Otxoa Cerdan
1. Familia goaz, emaztea eta bi seme alabak. Ziordiko lagun bat ere badoa, bere aldetik. 
2. Ni eta bi seme-alabak gara bazkideak, emaztea ez.
3. Laurok ditugu sarrerak.
4. Lo egiteko prestatutako furgoneta bat hartu dugu. Ostiralean abiatuko gara eta bidean geldituko gara lo egitera. Larunbatean iritsiko gara Sevillara. Karabana gune batean tokia hartuta dugu.
5. Momentuan erabakiko dugu, baina uste dut Osasunaren Fan Zonera joango garela, haurrendako ere ekitaldiak baitituzte. Alde Zaharra Fan Zonetik gertu dago eta pentsatzen dut ere bertara joango garela. Astelehenean eta asteartean festa dugu, eta lasai igoko gara, toki interesgarriak ezagutuz.
6. Bihotzari kasu egiten badiot, irabaziko dugula sentitzen dut, baina zaila da. Baina irabaziko dugula, irudipen hori dut. Futbolak duen onena da partida batera edonork irabazi dezakeela, hortaz... Nik 1 eta 0 Osasunaren alde. Irabaziko balu... sekulakoa litzateke.