Txirrindularitza

Mintegi, Tadeo eta Gil oso ongi Bidasoako Itzulian

Guaixe 2023ko mai. 8a, 13:25
Finisher taldea, Bidasoako Itzuliko onena. Eskuinean, Aimar Tadeo. FINISHER

Iker Mintegi zazpigarren sailkatu zen sailkapen orokorrean eta Aimar Tadeoren taldea, Finisher Galibier, talde onena izan zen. Jon Gilek bigarren sailkatutako bere taldekide Daniel Martinen alde lan itzela egin zuen

Maiatzaren 4tik 6ra bitartean jokatutako afizionatuen mailako Bidasoako Itzulian amateur mailako txirrindulari onenak lehiatu ziren, eta txirrindulari sakandarrek primerako lana egin zuten. 

Laboral Kutxako Iker Mintegik mailarik onena eman nahi zuen Bidasoan eta sailkapen orokorrean postu ahalik eta onena egin. Helburu berbera zuten Rural Kutxa-Alea talde sakandarrak, Finisher Gabilierrek eta gainontzeko taldeek. Eta baita lortu ere. 

Rural Kutxa-Aleako Jaume Guardeñok irabazi zuen 49. Bidasoako Itzulia, Gomur Cantabriako Daniel Martini 22 segundo aterata. Hirugarren Finisher Galibier taldeko Pablo Carrascosa sailkatu zen, 47 segundora. Top 10-ean sakandar bat sailkatu zen, Laboral Kutxako Iker Mintegi, zazpigarren, 54 segundora. Bere taldeko lehena izan zen. 

Nabarmentzekoa da ere aurten afizionatuetan debutatu duen Finisherreko Aimar Tadeo lakuntzarra. Bere liderren alde hustu egin zen eta ihesaldietan sartu zen. Sailkapenean 50. sailkatu zen, 20:23ra, eta bere taldekideekin batera oholtzara igo zen, Finisher Bidasoako Itzuliko talderik onena izan baitzen. Sailkapen orokorreko podiuma eta bi etapa garaipen ere lortu ditu Finisherrek. 

Bestalde, Jon Gil lakuntzarra (Gomur Cantabria) 38. sailkatu zen, 13:21era, sailkapenean bigarren izan zen bere taldekide Daniel Martinen alde lan itzela eginez. 

Natxituan Jon Gil bosgarren
Maiatzaren 7an, igandea, afizionatuen Natxituako Sari Nagusia jokatu zen, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. Finisher taldeak lan itzela egin zuen eta dobletea lortu zuen, Daniel Criadok irabazi baitzuen, helmugara bakarrik helduta (2:51:38). Bigarren Unai Aznar izan zen, 4 segundora, eta hirugarren Rural Kutxa-Aleako Julen Arriola, denbora berean. 

Top 10-ean Gomur Cantabria Infinitako Jon Gil lakuntzarra sailkatu zen, bosgarren. Laboral Kutxako Ailetz Lasa hamahirugarren sartu zen, Rural Kutxa-Aleako Martxel Etxeberria 23., Rural Kutxa-Aleako Mikel Uncilla 47., eta Laboral Kutxako Iker Mintegi 83.

Iker Mintegik jarraitzen du Euskaldun Txapelketako lider (98 puntu). Rural Kutxa-aleako Julen Arriola-Bengoari 11 puntu aterata (87 puntu).