Foru administrazioak hauteskunde legediari jarraituz, eta Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzarekin adostu ondoren, maiatzaren 28an asteko atsedenaldirik ez duten langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartu ditu. Nafarroako Gobernuak alde batetik hautesle gisa parte hartzen duten langileendako baimen ordainduak zehaztu ditu. Bost aukera aurreikusi ditu. Aurrenekoaren arabera, hauteskunde mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordu baino gutxiago arituko direnak ez dute izanen baimen ordaindurako eskubiderik. Maiatzaren 28an bi eta lau ordu arteko lanaldia duten langileek botoa emateko bi orduko baimen ordaindua izanen dute. Bestetik, hauteskunde egunean lau eta sei ordu arteko lanaldia dutenek hiru orduko baimen ordaindua izanen dute. Maiatzaren 28an sei ordutik gorako lanaldiak dituztenek botoa emateko eskubidea gauzatzeko lau orduko baimen ordaindua izanen dute.
Azkenik, maiatzaren 28an beren ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko, norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatu ahal izan dezan. Baimenaren iraupena kalkulatzeko, goian aipaturiko irizpide berberak erabiliko dira, postetxeak irekitzeko ordutegia kontuan hartuta.
Bestetik, foru administrazioak zehaztu duenez, lanaldi partziala duten langileen kasuan haien lanaldia ohikoa baino laburragoa baldin bada, baimenaren iraupena murriztuko da langileak duen lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera. Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko dituzten baimenak banatzea egunean zehar.
Bestalde, langileei hauteskunde mahaietako buru edo kide, artekari edo ahaldun izan daitezke, eta haiendako ere baimen ordainduak arautu ditu foru administrazioak. Hauteskunde mahaietako buru edo kide diren langileek, baita artekari daudenek ere, bozketaren eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izateko eskubidea dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarakoa ere. Ahaldunen kasuan, baimen hori bozketaren egunerako baizik ez da izanen. Atal horretan aipaturiko langileek lan egin beharra baldin badute hauteskunde egunaren bezperan gaueko txandan, enpresak, interesdunak eskatuta, txanda aldatu beharko die, hauteskunde egunaren aurreko gauean atsedenaldia hartu ahal izan dezaten.