Pentsio duinen aldeko mugimenduak Iruñera deitu du

Guaixe 2023ko mai. 11a, 09:28

Pentsio duinen aldeko aldarrikapena Altsasuko Zumalakarregi plazan. ARTXIBOA

Mobilizazioak deitu ditu larunbaterako, pentsioen erreformaren bigarren zatiaren zuzenketa garaian.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Iruñeko udaletxe plazatik larunbatean, 11:00etan, aterako den manifestazioan parte hartzera deitu du. Kongresuak pentsioen erreformaren bigarren zatia itxi zuen martxoaren 16an. Mugimenduko kideak ez ditu ase Lege Dekretuak, “hori ez da duela bost urtetik kaleetan eskatzen ari garen erreforma”. Adierazi dutenez, “zenbait hobekuntza jasotzen dituen arren, pentsioak eta eskubideak murrizten ari den erreforma prozesu baten parte da”. 

Hainbat gabezia zerrendatu dituzte: gutxieneko pentsioen igoera ez da 1.080 eurora iristen kasu batzuetan, pentsioa kalkulatzeko kotizatutako urteak 15 ziren 2011ko erreformaren aurretik eta orain 25 eta 29 urte dira; kotizazio hutsuneen konpentsazioa hobetzea beharrezkoa da; erretiro adina 67 urtetan mantentzen da, lehen 65 zirenean eta pentsio sistema publikoaren finantzaketa eta prestazioak etorkizunean zehazteko adierazleek “zabalik uzten diete atea murrizketa berriei”. 

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kalera ateratzeko deia egin du, gobernuari eta alderdi eta koalizioei presioa egiteko Parlamentuko tramitazio garaian. Eskatuko diete pentsiodunen gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila (14 ordainketetan). Horrekin batera, eskatuko dute pentsioen erreformako murrizketak indargabetzea, 2011koa barne. Mugimenduak, aldi berean, eskatuko dute: “konpentsazio ordainsaria berrezartzea, pentsioen erosteko ahalmenaren galera berreskuratzeko; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala desagerrarazteko neurri eraginkorrak; enplegu pentsio plan kolektiboek lanerako errenta gisa kotizatzea eta zergak ordaintzea”. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak larunbaterako deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.