Sexu heziketa landu dute hiru ikastetxetan

Guaixe 2023ko mai. 15a, 09:02
Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleak erakusketa begiratzen. UTZITAKOA

Sexu eta Ugalketako Osasun Arreta Zentroaren eta haren egitekoaren berri eman zien DBHko 3. mailako ikasleei sexu hezitzaileak. Sexualitateaz hausnartu eta ikasle guztien iritziak jasotzen dituzten muralak egin zituzten. Muralak hiru ikastetxetan ikusgai izan dira.

Etxarri Aranazko osasun etxean egoitza duen Sexu eta Ugalketako Osasun Arreta Zentroak (SOUAZ) bere egitekoen artean du sexu hezkuntza sustapena. Horregatik, Maite Salas Armendariz sexu hezitzailea Andra Mari ikastola, Iñigo Aritza ikastola eta Altsasu Bigarren Hezkuntzako institutuan izan da, zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleekin. Salas ikastetxe bakoitzeko orientatzaileekin aritu da elkarlanean. 

Salasen eskutik ikasleek sexualitateaz hausnartzeko aukera izan zuten, horrela gazteek "beren burua ezagutu, onartu eta erotika adierazten ikastea da helburua, haiendako koherentea eta gogobetegarria izanen den moduan eta beste koherentzia batzuk errespetatuz". Horretarako, ikasle gazteek bizi dituzten sentimendu, emozio, desioak, esanahiak eta abarrak izan zituzten abiapuntu. "Ikastetxe bakoitzean, norberak bere ideiarekin parte hartu zuen. Ondoren guztien artean sexualitateaz hitz eginen duen murala sortu genuen. Eraiki ondoren, sexualitateen muralari eta aniztasunari erreparatu genion", azaldu du sexu hezitzaileak. Gainera, zerbitzuaren berri ere eman zien Salasek:  non dauden, zer lan egiten duten eta zer beharri erantzuten dieten. Ikasleek sortutako irudi horiek guztiak eta SOUAZen sexualitateari buruzko panelekin batera erakusketa ibiltaria egin dute. 

Gazteen artean sexualitatea modu positiboan lantzen duen Gozamenez programaren baitako erakusketa da hori. Duela hiru aste Andra Mari ikastolan izan zen ikusgai, duela bi aste Iñigo Aritza ikastolan eta joan zen astean Altsasu BHIn. Gainera, Gozamenez film laburren Altsasuko lehiaketako sari banaketa egin zen maiatzaren 12an, ostiralarekin, Intxostiapunta gazte gunean. Hori dela eta, ikasleek egindako muralak asteburu guztian ikusgai egon dira gazte gunean. 

Zentroaz
SOUAZen lan esparruak honakoak dira: sexu orientazioa eta hezkuntza; familia plangintza; haurdunaldiari eta erditzeari emandako arreta; ginekologia arreta eta klimaterioa; ginekologia minbizien detekzio goiztiarreko programak; sexu transmisioko gaixotasunak; gazteentzako berariazko programak; arrisku-taldeetan lan komunitarioa egiteko programak; jaio aurreko diagnostikoa, gomendio eta azterketa genetikoa eta laguntza bidezko ugalketakoa; haurdunaldia etetea; arreta andrologikoa; emakumeei emandako laguntza bidezko ugalketa sexu bereko bikotea dutenean edo bikotea gizonezkoa ez denean eta transexualitateari emandako arreta.