Ikastetxeetan hondakinen kudeaketa egokiari buruzko hezkuntza ekintzak ez dira berriak. Orain artekoak Sakanako Mankomunitatea kide den Nafarroako Hondakinen Partzuergoak antolatuak ziren. Hala ere, ibarreko erakundeak beste pauso bat eman nahi zuen eta Hezkuntzan Hezten programa prestatu zuen. Hura ikasturte honetan garatzeko Nafarroako Hondakin Funtsaren dirulaguntza jaso zuen. Haren bidez, "Sakanako ikastetxe guztietara hondakinen mundua hurbildu nahi dugu", azaldu du Amaia Okariz Ormaetxeak, Hondakin Zerbitzuko hezitzaileak. Horretarako, ikastetxeetako arduradunei proposamenaren berri eman eta haiekin bildu ziren.
Zerbitzuko hezitzaileak lastailean hasi ziren "hondakinen murrizketa bultzatzeko eta ikastetxeetan hondakinak ongi sailkatzeko" lanketa egiten. Orain arte programan 650 ikasle inguruk parte hartu dute. Jarduerak honako ikastetxeetan egin dituzte: Lakuntzako herri eskola, Iturmendiko Arrano Beltza Herri Eskola, Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxea, Sakana Lanbide Heziketako Institutua, Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutua, Atakondoa herri eskola, Etxarri Aranazko San Donato herri eskola eta Iñigo Aritza ikastola. Aurreneko hiru ikastetxeek programa osoa egin dute ikasle talde batekin. Gainontzekoetan, hezitzaileak haien eskaeretara egokitu dira eta hainbat adinetako ikasleekin tailerrak egin eta bisitan joan zaizkie.
Esperientziak emandako eskarmentuarekin, Okarizek azaldu duenez, "aurten hainbat adinendako eskaintza egin dugu, adinka gaiak landu ditugu. Baina heldu den ikasturterako adin tarte jakin bati eskaini nahi genioke programa, hobe funtzionatzen duelako. Helburua bera da: ikastetxeetan hondakinen kudeaketa hobetzea". Izan ere, programari segida emateko dirulaguntza jaso dutela jakinarazi du hezitzaileak. Okarizek nabarmendu duenez, "bien bitartean, ikasle horiek guztiak mezua etxera eramaten ari dira eta Sakanako etxe askotan, hondakinen murrizketak eta bereizketak hobera egingo duelakoan gaude".
Bost saioko programa
Hondakinen karakterizazioa
Aurreneko saio horren bidez ikasleek eskolan edo klasean aste batean sortutako hondakinen karakterizazioa egiten dute. "Horrela, sortzen dituzten hondakin motak eta ongi banatzen dituzten ala ez ikusten da. Karakterizazioak egiterakoan gehien eta gutxien sortzen diren hondakinak zein diren ikusten dugu. Gehiena, papera eta ontziak dira, gutxiena, berriz, organikoa eta errefusa", azaldu du hezitzaileak. Horretaz gainera, adibideen bitartez, ikasleekin hondakinen hierarkia lantzen dute, hau da, murriztu, berrerabili, birziklatu, balorizatu eta deuseztatu. "Ikastetxeko edo ikasgelako egoera hobetzeko zer egin daitekeen hausnartzen dute". Horretarako, hondakinak murrizteko hainbat aholku ematen dizkiete, esaterako: hamaiketakoa aluminiozko paperean bilduta eraman beharrean ogitartekoendako poltsetan eramatea, ura botila berrerabilgarrietan eramatea, edota papera bi aldeetatik erabiltzea. Hondakinen sailkapena ere lokotx jolas modura lantzen dute.
Hondakinen ibilbidea
Bigarren saioan hondakinek berrerabiliak edo birziklatuak izateko jarraitu behar duten bidea azaltzen diete ikasleei. Arbizuko Utzubar EKO gunean gertatzen denaren berri ematen duen bideo bat ikusten dute ikasleek. Hura ikusita, mural batzuetan bide horiek irudikatzen dituzte ikasleek, puzzle gisa, horrela hondakin bakoitzaren bidearen pausoak irudikatuz.
Hezitzaileek eta ikasleek ondoren ikastetxeko hainbat eremu aztertzen dituzte: klaseak, pasabideak, komunak, jantokia, patioa... Okarizek azaldu duenez, "haietan hondakinen bereizketa hobetzeko neurriak eta aholkuak zein izan daitezkeen hausnartzen dute. Guk, besteak beste, bilketa puntuak murriztea eta bilketa puntu osatuak sortzea aholkatzen dugu. Hau da, lau frakzioak (organikoa, ontzi arinak, papera eta kartoia eta errefusa) puntu berean gaika botatzeko aukera egon behar du bereizketa sustatzeko".
Ikasleei eta ikastetxeari langintza horretan laguntzeko Mank-ek proiektua garatzeko lortutako kuboak eskuragai jarri dizkie. "Edukiontzi bakoitza zer bota behar den argitzen duen kartelarekin identifikatuta egoteak ere bereizketa ongi egitea bultzatzen du", zehaztu du Okarizek. Bestalde, hezitzaileek hainbat aholku ematen dizkiete zakar poltsen erabilera murrizteko. Esaterako, papera eta kartoia solte biltzea; organikoa, poltsa konpostagarrietan eta poltsa horiak eta grisak erabiltzeak ontzien eta errefusaren bereizketan lagundu dezake. Okarizek azaldu duenez, "poltsak behin eta berriro erabil litezke kuboak zikindu ez daitezen eta jasota daukatena bakarrik bilduz, poltsa kuboan geldituz".
Lanketa osatzeko, zenbait ikastetxetan hezitzaileak garbitzaileekin eta jantokiko langileekin hitz egin dute, "eskolan bereizi diren hondakinak dagokien edukiontzian buka dezaten, izan ere langile haiek sailkapenaren azken pausua baitira”, argitu du hezitzaileak.
Murrizpen tailerra
Kafe poltsak eta oihalak berrerabiliz, beraien hamaiketarako poltsak, Bock ́n Roll-ak, sortu dituzte. Horretan Alazne Juaniz Ezpeletak lagundu die, Erabili markako jostunak. Juanizek eskainitako tailerretan arroparen kontsumoaren inguruan sentsibilizatu ditu ikasleak, eta, bide batez, josten ikasten dute ere.
Berrerabilpen tailerra
Etxean apurtutako hainbat gauza eraman dituzte ikasleek, haiek konpontzen ikasteko eta haien bizia luzatzeko. "Horrela, gauza berriak erosi beharra eragozten dugu", azaldu du Okarizek. Konponketa tailerretan jostailu, etxetresna elektriko txikiak eta halakoak konpontzen ikasi dute Batuta Sakanako Luis Angel Diaz Medinarekin.
Birziklapen tailerra
Hezitzaileek ikasleak paperaren kontsumo arduratsuan sentsibilizatzeaz aparte, egunkariekin paper birziklatua egiten erakutsi diete.
Osagarriak
Hondakin Zerbitzuaren programa osatzen duten beste lau elementu ere badaude. Alde batetik, programa despeditzeko jartzen den erakusketa dago. Hezitzaileek hondakinen inguruan landutako guztia jasotzen duen erakusketa bat eskuragai uzten dute. Zazpi atal ditu: hondakinen bereizketaren onurak, hondakinen hierarkia aldaketa, Sakanan sortzen diren hondakin motak, hondakin moten bideak, arroparen kontsumoari buruzko hausnarketa eta hondakinak murrizteko aholkuak.
Bestetik, bisitak daude. Programaren osagarri, ikasle batzuek Altsasuko Garbigunea bisitatu eta haren eginkizunen berri jaso zuten. Beste ikasle batzuk, berriz, Utzubar EKO gunea ezagutzera joan ziren, eta hango Konponketa Txokoan gauzak konpontzeko aukera izan zuten. Azkenik, Lanbide Heziketako Mikroinformatika eta Sareak-eko ikasleak Agoizko Ecointegra zentrora joan ziren hezitzaileekin batera. Han tresna elektriko eta elektronikoen kudeaketa nola egiten den ezagutu zuten. Arropa tailerra Irurtzungo eta Lakuntzako gaztetxokoetan egin dute, eta Altsasuko Uda Gazteko ekintzen barne ere eskainiko da, garilaren 3an eta 4an, 10:30etik 12:30era. Liburuaren egunaren kontura, Urdiaingo eta Altsasuko liburutegietan papera egiteko tailerrak izan ziren.
Horiekin batera, bi informazio horri banatu dituzte. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan kopa menstrualen erabilera sustatzeko informazio esku orriak banatu dituzte Hondakin Zerbitzukoek. Haur Eskoletan, berriz, pixoihal berrerabilgarrien erabilera sustatzeko informazioak eman dituzte. Etxarri Aranazko Emakumearen Arreta Zentroan ere, eskuragai daude esku orri horiek.
Azkenik, programaren parte ere bada Zirika Zirkusen Berrerabizi ikuskizuna. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako eskola guztiek hura ikusteko aukera izan zuten ikasturteko lehenengo hiru hilabetekoan. Guztira bederatzi saio eskaini zituzten aktoreek ibarrean barna. Okarizek azaldu duenez, "Sakanako haur guztiek ikuskizuneko protagonisten leloa eta hondakinen oinarrizko legea, ahoan izatea lortu genuen: Murriztu..., berrerabili..., birziklatu..."