Nafarroako Elikagai Bankua gobernuz kanpoko erakundeko boluntarioak herrialdeko hainbat establezimenduetan izanen dira bi egunez. Bankuko boluntario gisa identifikatzen dituzten petoak aldean dituztela, dendetara joaten diren bezeroei elikagaiak emateko gonbidapena eginen dute batetik. Bestetik, ematen dizkieten elikagaiak sailkatu eta gordeko dituzte, ondoren guztia Nafarroako Elikagai Bankuaren biltegira eramateko. Bi egunetan dendetatik pasako ez direnak, baina erakundeari ekarpena egin nahi diotenek, www.bancoalimentosnavarra.org webgunearen bidez egin dezakete diru ekarpena. Bestetik, bankuko arduradunek jakinarazi dute boluntario premia ere badutela. Ahalik eta boluntario gehien izanik, jende gehiagorengana iritsi eta bilketa behar bezala egin dezaketela gaztigatu dute. Hala aritu nahi duenak aipatu webgunean eman dezake izena.
Premia duten 26.000 pertsonari laguntza ematen die Nafarroako Elikagai Bankuak. Hilero jaki sorta bat jasotzen dute. 4.376 jaki tona banatu zituen 2021ean. Kudeaketa hori eginez 2.647 elikagai tona alferrik galtzea eragotzi zuen bankuak.