Erakunde politikarekiko halako distantzia bat sumatzen da gizarte guztian, baita gazteengan ere. Instituzioetatik aparteko bestelako eragileen bidez jardun politikoan ari dira hainbat gazte. Udal hauteskundeen atarian, gazte zirela beraien herriko alkate edo kontzejuko presidente izan ziren Alberto Azpiroz Goldaraz, Xabier Senar Veiga eta Garazi Urrestarazu Zubizarreta.
Soslaiak
Alberto Azpiroz Goldaraz
Irurtzungo Udalean 23 urterekin sartu eta 24rekin hartu zuen herriko aginte makila 1996an, eta 1999ra arte izan zen alkate. Hurrengo legegintzaldian zinegotzia izan zen. Agrupacion Electoral Independiente San Martinen zerrendan aurkeztu zen, aurretik alkate zen Juan Pedro Arregi Sarasa, Tatono, zerrendaburu zela. Aldez aurretik jakinarazi zuten "nekeagatik" legegintzaldi hasieran Arregik dimisioa eman eta Azpiroz alkate bihurtuko zela.
Xabier Senar Veiga
Lizarragako kontzejuko presidentea izan zen 2015 eta 2019 urteen artean. 24 urte zituela hartu zuen ardura. Talde independente bateko hautagaitza batean aurkeztu zen. Hautagaitza osatzeko aurretik herrian “hauteskunde txikia” egin zuten. Lizerratarrek bost pertsonari eman zieten botoa eta boto gehien jaso zituztenek osatu zuten hautagaitza. Senar izan zen boto gehien jaso zituena.
Garazi Urrestarazu Zubizarreta
Altsasuko alkatea izan zen 2011 eta 2015 artean. Karrera akaberako proiektua aurkeztu eta hurrengo egunean, 24 urterekin, hartu zuen aginte makila. Bilduko zerrendarekin aurkeztu zen. Ezker abertzalearen zerrendak legez kanpo uzten zituzten garaiak ziren, eta aurreko asteak “nahiko aldrebesak” izan ziren, ez baitzekiten Bildu legeztatuko zuten edo ez, eta, ondorioz, parte hartu zezaketen.
Elkarrizketa
Zer esan zizuten etxean hautagaia zinela esan zenuenean?
Alberto. Lanean hasteko. Kritikak izan ziren. Beste garai batzuk ziren, argi eta garbi baldintzatzen zuen beste gatazka bat zegoen. Eta, beharbada, baldintzatzen zituen heinean ekintzaileagoa izatera ere bulkatzen zintuen. Oso ikusgai zeunden orduan, edo beste modu batera; orain sare sozialak eta beste daude eta erakusleihoan gehiago zaude. Beharbada zure iritziak lehen baino zabalkunde gehiago izan dezakete.
Xabier. Ez sartzeko, saltsa zela. Azkenerako, sartu ginen. Herri txikia gara, eta noizbait herriaren alde egin beharko duzu. Eta esan nuen: '24 urte dauzkat, orain ez dut konpromiso handirik!' Eta sartu nintzen.
Garazi. Animoak eman zizkidaten.
Eta lagunek?
A. Orduko alkate Tatonoren anaia, Imanol, kuadrillakoa da. Herriko politikarako loturak ez gintuen urrun harrapatzen. Kuadrillan ez zen hainbesterako izan. Bakarren batek esan zuen: 'zertarako sartzen zara saltsa horretan'. Ez zen kritikarik egon.
X. Ongi. Azkenean, kontzejuan sartu ginen gehienak kuadrillakoak ginen, eta ongi ibili ginen. Elkar ezagutzen genuen.
G. Ezagunak eta kalean elkarrekin ibilitakoak ginen kuadrilla batek osatu genuen zerrenda. Hori babes puntu eder bat zen. Ingurutik ere animoak jaso genituen.
Hautagai izanen zinela jakin zenetik ardura hartu arteko bitarte horretan aldaketarik sumatu zenuen inguruan?
A. Ez. Jendea eskuzabala da eta ongi hartu zuen. Hasierako erreakzio gehienak positiboak izan ziren. Animoak izan ziren gehien bat. Bakarren batek esanen zuen: 'hau, nora doa?' Baina nik halakorik ez nuen bizi izan. Bestela, gazte izateak berarekin gauza asko ditu eta Iruñean askok alkate gisa ezagutzen ninduten, "ezagun" izatera pasatzen zara. Ondorengo higadurak bestelako ondorioak ditu: jarrera hartzeak daude, gustukoak diren edo ez diren erabakiak hartzen dira...
G. Garai hartan kristoren ilusioa zegoen. Zerrenda desberdin bat ginen. Ez dakit ordura arte adinaren bataz bestekoa hain baxua zuen zerrendarik Altsasun izan ote zen.
X. Badakizu, beti egoten den broma giro hori: "eh, alkate! Ez dakit zer". Beti adar jotze pixka bat egoten da. Lau urtetan segitu zuen.
Alkatetza hartzea espero zenuen?
X. Egia esan, ez nuen inolaz ere espero. Gainera, 24 urterekin, gazte-gazte...
G. Ez. Badaezpada gindoazen. Pentsatzen dut horrela goazela denok: munduko ilusio guztiarekin, aukera hor dago, eta horretara goaz, alkatetzak lortzera eta gure ereduak udaletan txertatzera.
A. Bai, jakinarazia genuen nik Tatonoren lekukoa, alkatetza, hartuko nuela. Gainera, gaztetzeko. Hamaikatik zazpi zinegotzi lortu genituen eta abantaila izan zen. Gehiengoa ikustean gainontzeko zinegotziek alper-harria ez pasatzeko eskatzen ziguten. Nahiz eta gehiengoa egon, uste dut ez genuela inoiz alperra pasa, gauzak egiten ziren. Hala ere, gehiengoa dagoenean saihestezina da. Baina alderdi independente baten barruan hainbat kezka daude, zure taldean bertan alperra pasatzea ere zaila da, talde berean hainbat iritzi eta ideologiatako jendea dagoelako. Onerako eta txarrerako hainbat ikuspuntu daudenez, batzuetan oposizioa talde barruan baduzu. Gai bat udalera eramaten genuenerako askotan hitz egindakoa zen. Herriaren iritzia jasotzeko modua ere bada, herriko hainbat borondate lotzeko modua da. Beharbada jende guztia ez da sartzen eta taldeko mugituenen iritziak islatuagoak gelditzen dira. Ideia definituago batzuk dituen alderdi politiko jakin bat dagoenean, batzuetan gauza batzuetarako errazagoa da. Ideia horiek dituenak, haiekin segituko du, eta taldeak dioenari egokitu behar dute.
Politikarekiko interesik bazenuen?
A. Bai. Kuadrillan politikaz nahikotxo hitz egiten zen. Orain baino gehiago, orain apenas hitz egiten baitugu politikaz. Beharbada betekada dago. Herrialdea desberdina zen. Ez du zerikusirik. Orain krisiaz hitz egiten da, baina dagoeneko asko bizi izan ditugu. Felipe Gonzalez zegoen, ustelkeriako lehen kasuak, langabezia... Nahitaez politikaz hitz egiten genuen. Nazioko politikaren halako kontzientzia bat bazenuen. Herriko mailakoa ere, baina beste modu batera; behin sartuta, biziagoa da.
G. Bai. Nahiz eta udala gure habitata ez izan, kalea izan da beti gure gunea eta aritzeko gunea. Ibiliak gara kontu batean edo bestean ikasle garaian, gaztetan...
X. Ez neukan ezer ez. Ez nintzen sekula egon. Ez nekien nola funtzionatzen zuen. Ez nekien ezer ez. Egia esateko, 'mus' geunden.
Aurretik botoa ematen zenuen?
X. Bai.
A. Bai.
G. Pare bat aldiz bai, askotan ez.
Trebe ikusten zenuen zure burua?
G. Dakienik ez da jaio. Jakinda ez gara jaiotzen. Eta are gutxiago udala bezalako gune arrotz baterako. Dena bezala, prozesu bat da; horra egokitzea eta bizitzea tokatu zitzaigun. Denboratxoa behar da udaleko txoko, zirrikitu eta dinamikak ezagutzeko. Gogotsu ekin genion lanari, erraz murgildu ginen lanean. Gero erraztasunik ez genuen izan egoera zena zelako, legegintzaldi oso gogorra izan zen: Yolanda Barcina Angulo Nafarroako presidente gisa azken urteak, ekonomikoki oso zapalduak, krisiaren okerrena, Nafarroako Gobernutik ere oso blokeatuta eta oso menpeko geunden udalak. Udalean sartu eta aste berean Recindsa enpresa itxi zuten. Fabrikak itxi eta dinamika horretan okerrena biztanleek bizi duten egoera da, egon daiteken gizarte eta ekonomia drama horri eustea. Munduko umiltasun guztiarekin, genekien onena ematen aritu ginen.
X. Hasieran ez.
A. Bai. Nik buru indar handia nuen. Gaztetasunak aparteko energia ematen dizu, eta, beharbada, zure mugak ez ezagutzearen axolagabetasuna ere. Edo non sartzen zaren ez jakiteak ausartago egiten zaitu. Azkenean, lan eginda ahal zenuen. Pertsona bateratzailetzat dut nire burua. Uste nuen herria hobetzeko gaiak landu eta hitz egiteko ariketa bat izanen zela. Printzipioz, ez luke zaila izan beharko. Adin harekin oso idealista nintzen. Baina errealitateak lurrera jaisten zaitu. Gainera, udaleko dinamikak aldatzea oso zaila da. Baina pitteka-pitteka ekarpenak egiten dira. Pertsona bakoitzak kezka batzuk ditu, eta horregatik da ona errotazioa egotea: beti gizonezkoak egon badira, ona da emakumezkoak egotea; adinekoak izan badira, gazteak sartzea... Orain gizartean kulturen pluraltasuna dago, beste kulturetako jendea sartzea komeni da. Norberak eragiten eta interesatzen zaiguna ikusten dugu. Baina kezka ugari dagoenez, aldaketa egotea ona da, hainbat norabidetan eraikitzeko.
Erreferentea zen gazte politikariren bat zenuen?
G. Gure kontsolamendua zen: 'begira, baten batzuk sartu gara; ez dakit nongoa ezagutzen dut, bestea ere...' Beste egoera batzuetatik ezagunak ziren. Bilduko eta ezker abertzaleko egituran elkarrekin egoteko tartea genuen, elkarren proiektuen berri jakiteko eta, nolabait, elkar elikatzeko. Beste herrietan zer gertatzen den eta dinamikak aurrera nola eramaten dituzten jakitea ere garrantzitsua da, zu zurean ez sartzeko eta Altsasutik kanpo mundua badagoela eta existitzen dela ikusteko.
A. Tatonoren adibidea hurbil genuen kuadrillan. Joera bat markatu zuen. Aurretik, Sakanan bezala, Irurtzunen arazo politiko handia zegoen. Oso polarizatua zegoen, ezker abertzalea eta eskuina. Tatonoren lantaldeak blokeen politika utzi eta herriaren alde gauzak egiteko kezka zuen, hainbeste enfrentamendu gabe. Akatsekin, jakina, baina garai hartan gauza asko lortu ziren. Erreferentea hori zen: bateratzaileagoa zen norbait.
X. Hasieran berde-berde egoten zara, baina berehala joaten da. Denborarekin ikasten duzu. Azkenerako, ideiak hartzen joaten zara eta ikasten duzu nola funtzionatzen duen. Egia esateko, kontzejuan geunden denok genituen ikasketak, eta gutxi gorabehera, denen artean egiten genuen. Azkenerako, burokrazia ulertzen joaten zara eta, jakinez gero, erraza da. Denborarekin ikasi egiten da. Eta gogoa egonez gero, lehenago.
Zerk bulkatu zintuen pausoa eman eta hauteskundeetan parte hartzera?
A. Nire bizitzako erabakietan nire aukeretan sinistu dut beti, zenbait gauzen alde apustu egin behar dudala. Batzuetan ordaindu behar izaten duzu. Erronka baten aurrean ez naiz beldurtu, beti heldu diot. Batzuetan erronkak berak motibatzen zaitu. Kasu honetan hori izan zen, 'zergatik ez?'
X. Esan nuen: 'azkenean, orain edo gero, tokatuko zait herriarendako lan egitea. Orain 24 urte dauzkat, denbora daukat eta nahiago dut orain egitea gero baino'.
G. Legeztatzearena zerrendan sartzeko arrazoi nagusietako bat izan zen, nagusia ez bazen. Nahiz eta Bildu legeztatu, ezin da ahaztu salbuespen egoeran jarraitzen genuela: ordura arte ezker abertzaleko zerrendetan egondako pertsonak ezin ziren hautagai izan. Hortaz, herri handietan ez dakit zer egoera zuten, baina herri txikietan gure belaunaldira jo behar izan genuen bai ala bai; gazteetatik tiratu eta aurrera egin.
X. Ikusten duzu herrian gabezia batzuk daudela, herria aldatu behar zela. Kontzejuan geundela gauzak egin genituen. Lehendabiziko urtea izan zen pixka bat ikasteko: zer gastu dauden, nola alda genitzakeen, herriak, herriko lanak, festen antolamendua nola funtzionatzen zuen. Gainera, udaleko idazkariarekin zer harreman egin beharra dauzkagun, nola funtzionatzen duen, zer burokrazia dagoen... Batez ere lehendabiziko urtea hori pixka bat. Mundu honetan beldurrik ez da izan behar. Sartzen denari esan beharrekoa da hasieran beldurrez hartzen duzula: 'kristoren kargua!' Ez da beldurrez hartu behar, gogoz hartu behar da! Helburu bat hartuta hori egin eta kitto.
Zuen gainetik Sakanako Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua, eta beste.
X. Kontzejuen kasuan udala ere. Lau pauso eman beharra. Azkenerako, denekin pixka bat borrokatu behar duzu. Gu bezalako herri txiki batek, gogor hartu beharra daukagu, indarrarekin. Eta ez pentsatu gure artean arazoak daudela, baizik eta arazo gehienak Iruñean daudela. Azkenerako, Nafarroako Gobernua da dirua ematen duena, eta gauzak egiteko dirulaguntzak behar dira. Herri txiki bat ezin da gastu guztiez kargu egin. Hurrengoendako nire aholkua da hemen ez garela haserretu behar. Hemen batu egin beharko ginateke, eta borrokatu beharra daukagu Nafarroako Gobernuak horrelako herri txikiei dirulaguntza gehiago emateko, eta gauzak egiteko erraztasunak emateko. Batez ere erraztasunak. Eta burokrazia ahal den eta gutxiena murriztu, proiektu politak daudelako hemen eta herri txiki askotan. Ez daiteke paper baten zain egon gauzak egiteko. Zeren urteak pasatu egiten dira eta gauzak ez dira egiten, eta herri txikiak hiltzen ari dira.
G. Hamahirutik lau zinegotzi genituen eta gutxiengoan gobernatu genuen. Lauren artean administrazio egitura hori kudeatzea zaila da. Horregatik, nik uste, eskuzabaltasunez jokatu genuela eta beste talde politikoei eskaini genien udalean eta gurekin gertutik lanean aritzeko aukera. Asko ez baziren ere, lan eta erronka batzuk hartu zituzten. Egokitu ginen eta gutxiengoa izanik jakin genuen batekin eta bestearekin gobernatzen. Zen egoera izanda ere, Sakanako Mankomunitatean gure esku zeudenak ere egin genituen. Orduan sortu zen Sakanako Garapen Agentzia. Hura zen gure programetako helburuetako bat, gure tresna propioak sortzea. Egoerarik okerrenean erantzuten jakin genuen. Ordutik eman dituen fruituak hor daude. Eta Nafarroako Gobernua, oso-oso zaila zen haiekin harreman estu eta normalizatua mantentzea. Oso estututa geunden udalak: inbertsiorik ezin genuen egin, gastu korronteetarako ere oso mugatuta geunden, ordura arteko diru sailak murriztuta, gure egiturei aurre egiteko kristoren zailtasunak genituen. Horrek kateatu egiten zaitu eta zure politikei eta herriko beharrei aurre egiteko are zailtasun gehiago jartzen ditu.
A. Nafarroako Gobernuarekiko erlazioa ez zitzaidan asko gustatu. Hura beste maila bat da, goitik begiratzen zintuzten. 24 urterekin hara iristen zinen zenbait gaiez hitz egitera eta ia-ia mespretxuz hartzen zintuzten. Batzuetan nahikoa mespretxatua sentitu nintzen. Adinak adin, Nafarroako Gobernuak ikusi beharra du zu herriaren ordezkari bat zarela, zor zaizun begirunea izan behar du. Beti bezala, badago merezi duen jendea. Gainera, udalak gobernuari beti eskatzen egon behar. Ez da sistema ona. Gauzak beharrezkoak direlako egin beharko lirateke, ez karismaren edo gobernuko ordezkari baten irizpidearen arabera lortu.
X. Bargazpi taberna zabaldu genuen, argindarra sortzeko mikrosarea egin genuen, herriko eta frontoiko argiteria aldatu genuen. Gauza asko egin genituen. Baina egia da orduak sartu behar direla. Lanik egin gabe ez dago ezer mundu honetan. Ordu asko sartuz gero, gogoa egonez gero, eta denak bat eginez gero, gauzak egiten dira. Eta beldurrik ez da izan behar. Esaten da dena dirua dela. Bai, dirua oztopo bat da. Baina ez da horretan pentsatu behar. Pentsatu beharra daukagu nola lor ditzakegun dirulaguntzak bai alde batetik, bai bestetik. Ateak jo behar dira. Batek ezetz. Gero beste bat, eta gero beste bat. Moduak badaude. Ez pentsatu Nafarroako Gobernua dagoela bakarrik. Europan eta leku askotan ere badaude dirulaguntzak. Denak bilatu behar dira. Askotan hobe da aholkulari on bat izatea.
Aurretik aritua zinen esparru instituzionalean?
X. Kontzejuan eta udalean, ez. Kontzejuaren batzarretara joana nintzen.
G. Ez. Ez bazen kexu handiren bat egiteko, edo udal bilkuraren batera joateko, ez. Konfrontazio moduan ez bazen, ez. Arrotz sentitzen genuen, urruti zegoela ikusten genuen. Orain, agian, beste perspektiba batetik ere ikusten duzu. Politikagintzan konfrontazioa egon behar da, eta egonen da, beti. Horregatik, garrantzitsua da udala herritik, kolektiboetatik eta herrigintzatik geroz eta gertuago egotea.
A. Unibertsitatean ikasleen ordezkaria izan nintzen Zentroko Batzordean. Yolanda Barcina Angulo ikasleen errektoreordea zen; agronomoen juntarekin liskar batzuk izan genituen. "Eskarmentu" hura nuen, baina udalean batere ez.
Behin barruan zein izan ziren sentipenak?
A. Ardura hartu eta astera Bilboko manifestazio batean idazkariari tiroa jo zioten. Zorionez ez zen ezer pasatu. Haurra besoetan zuen eta izterrean jo zuten. Banekien non sartzen nintzen, baina hura, bufff! Jakina, ospitalean bisitatu nuen. Udal bilkurak jazotakoa gaitzetsi zuen, jendea oso haserre zegoen. Ordurako urtebete neraman udalean eta bilkura asko bizitakoa nintzen. Alkate gisa ardura batzuk dituzu, jendearen haserrearen eta agintarien arteko bitarteko izan behar duzu. Kolpe nahiko handia izan zen: 'hemen zaude. Batzuetan gauzak gaizki ateratzen dira'. Bestela, batzuetan gehien nekatzen zuena mozioak ziren, udalean ezertarako balio ez dutela dakizunak. Badaude politika hutsa diren mozioak; halako eta bestearen inguruko jarrera hartzeak. Udalari inolaz ere "eragiten" ez dioten gertaerak dira, nahiz eta beti zerbaitek eragin. Orain Ukrainako gerraren ingurukoak lirateke. Nahiz eta gauza baten alde edo kontra zaudela garbi izan, pentsatzen nuen: "honen inguruan Irurtzungo Udalak esaten duena ez du inolako eraginik izanen". Zentzu horretan lan politiko handia zegoen. Nik horri zentzu handirik ez nion ikusten. Bestela, egunerokoan, lanak, bulegora arazoekin etortzen zen jendea... Lantzea zen, ez zen inolako arazorik izan.
G. Onak eta txarrak, komediak eta komeriak. Dena kontrolpean izatea oso-oso zaila da. Orduan eta orain izango genituzkeen sentipenak desberdinak izango lirateke: egoera desberdina da, beste esperientzia bat izanda, kanpo faktoreak beste batzuk izanda... Barruan zaudela, kristoren estualdiak momentu askotan. Besteetan gauzak aurrera doazela sentitzen duzu, eta ondo. Azkenean, makineria oso astuna da, munstro handia da udala, mankomunitatea, dena. Hori martxan jartzea eta gurutzaldi abiadura ematea zaila da.
X. Hau aurrera atera beharra dago. Hori pentsatzen nuen.
Gaztetasunak zer ekarpen egiten dio udalari?
A. Ideia berriak, esperientziak baldintzatuak ez daudenak. Esaterako, portaleko bilera duzu komunitatean zerbait jarri behar delako eta duela 20 urteko kontuak ateratzen hasten dira. Gaztetasunak ez du kontu zaharren ekarpenik egiten. Gaiak momentutik aurrera lantzen dira, ez da atzera hainbeste begiratzen eta baldintzatzen. "Orain arte beti horrela egin da". Horrek batzuetan ez du inolako ekarpenik egiten. Gaztetasunak gauzak ikusteko modu berria ematen du. Horrela batzuetan ezin da lortu, baina beste askotan gauza asko lortzen dira ezberdin jokatuta. Bestetik, gaztetasunak energia ekarpena egiten du.
X. Orain 32 urte ditut. Egia da, 24 urterekin zure helburua lortzera joaten zara eta kitto. Pixka bat... eroen modura. Gaztetasunak hori egiten du. Baina, egia da, puntu bat egon behar duela. Hasten bazara: 'arazo hau izan behar dugu'. Horrela hasiz gero, ez da ezer egiten. Lau urteak berehala pasatzen dira. Lehendabiziko urtea, ikasten ari zarelako, pixka bat luze egiten da. Baina hiru urteak berehalaxe pasatzen dira.
G. Lan egiteko beste modu bat. Oso garrantzitsua da udala hain arrotz ez sentitzea, udala beste tresna baten gisa ulertzea. Kaleak, kolektiboek, jendarteak zer dioten entzun behar du, eta horri eutsi. Ez da Marteko erakunde bat. Lan egiteko modu horretan sinisten dut. Hor zentratu beharko litzateke, eta herriarekin batera joan.
Babesik sentitu zenuen?
G. Bai. Jendeak ideiak ematen dizkizunean, zer egin, nola hobetu hura, bestea... Hori ere laguntza da. Altsasu beti herri aktibo bat izan da. Beti oso gihar indartsua izan du gizarte, kultur, kirol eta hainbat esparruetan. Batzuetan gehiago asmatuko genuen, besteetan gutxiago. Ongi egindakoekin aurrera, gaizki egindakoekin barkamena.
X. Herriko jendeak asko lagundu zuen, bai. Kontzejuak noizbehinka batzarra deitzen du. Baina batzarrak baino gehiago auzolan asko egiten dira, eta eskertzekoa da. Lizarragan egin diren proiektu asko herriko jendeari esker egin dira, batez ere auzolanetara joan direnei esker. Eta auzolana ez da jarritako egunean lanera joaten dena, esaterako, harriak jartzera. Auzolana da herriaren alde lan egiten duena: aholkuak ematen dituena, festak antolatzen dituztenak... Dena da auzolana, mila gauza daude; auzolan modu asko daude.
A. Bai, beti. Batzuk zure taldean eta besteek kontrako taldean sailkatzen zaituzte. "Zure taldekoek" kariñoa izanen dizute. Baina ez gara asko zoriontzekoak. Hori ere ez duzu bilatzen. Baina gustatu ez zaizkien gauzak gogoraraziko dizkizute. Beti egonen da zerbait. Aparte, guztia ez da alkatearen ardura.
Gazte izateagatik helduagoek zurekin nagusikeriaz jokatu zuten?
A. Gobernukoaz aparte, ez. Maila pertsonalean faktura handiena zu sailkatzea izan zen. Hain gazte izanda sailkatzen zaituzte. Hasieran, halako zalaparta bat dago. Ondoren, edozein gazte baino gehiago epaitzen zaituzte. Parranda egun batean besteak atera daitezke, baina zu... Beti ikusgai zaude eta juzgatzen zaituzte. Denborarekin gehiegi sailkatzen zaituzte. Gainera, zure taldekoak diren edo ez. Batzuk alde batera gehiago jotzen zuten, besteek bestera; beti sailkatzen joaten dira eta etsaitasunik ez da sortzen, baina parean posizionatzen zaituzte. Herri batean sailkatzen bazaituzte, gero zaila da etiketa kentzea.
X. Hasieran bakarren bat bai aditu genuela: 'gazte hauek zer ostia egin behar dute! Hauekin akabo!' Esaten zuten. Baina, azkenerako, urteekin erakusten da zer egin den. Burua eta gogoa izanez gero, eta pentsatutakoaren inguruan batzarretan jendeari galdetuz gero, iritzi denak baloratuz gero, gauzak egin daitezke. Jendea ez zen kontra egon. Jendeak nahi du ikustea herriak etorkizuna duela, herria aldatzea, herrian gauza berriak ikustea. Bizia ematea. Gu hasi ginenean ez zegoen ez tabernarik, argindarrean kristoren gastua genuen... Baso aprobetxamendua saldu zelako bankuan dirua genuen, baina ez zegoen bizitasunik. Buelta eman beharra genuen. Hasiera batean gure helburua zen genituen gastuak kentzea. Mikrosarea egin genuen argindar gastua oso handia zelako. Tokiko Inbertsio Planeko, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzekin eta beste proiektuak egin genituen, Cederna-Garalur eta Europako dirulaguntzei esker taberna.
G. Lehen momentutik. Gazte eta emakume, gainera. Bai, bai. Zure alor hain pertsonalean sartzean horri aurre egitea konplikatua izan zen. Egia da ez nintzela ni bakarrik. Ni alkatea nintzen, baina garrantzitsuena taldea zen. Taldearengandik babesa izan nuen. Horrelako toki batean taldeak suposatzen du taldean lan egitea, atera eta gauzak ez hain pertsonalean hartzea: 'talde bat gara, eta taldeak erantzuten du'.
Ardura uztean zer sentipen izan zenuen?
X. Alde batetik, bakea. Zure gauza pertsonalak dituzu eta, aparte, herriko gauzak. Ikasten joaten zara. Kargua uztean pixka bat askatzen zara, pixka bat argitzen zara. Denok egon beharko genuke kontzejuan, pixka bat ezagutzeko. Herri txiki, infernu handi esaten dute. Askotan kexatzen gara. Ni ere, bere garaian, kexatzen nintzen. Baina sartzen zaren momentuan: 'aizu, behar bada bitan pentsatu behar ditut gauzak kexatzeko'.
G. Bizitza hasten zela berriro ere. Azkenean, lau urtetan motxila bat betetzen joan zara eta gero motxila hori husten joatea ez da lan erraza, poliki-poliki bazoaz zure zama hori kentzen. Nire gauzetan zentratu nintzen, benetan maite nituen eta egin nahi nituen kontu horietan zentratu nintzen.
A. Bigarrenez aurkeztu nintzen, alkate jarraitu nahi nuen proiektua genuelako eta egitekoak zeudelako. Baina hirunako berdinketa izan eta zerrenda bozkatuenak eskuratu zuen alkatetza. Zinegotzi izan nintzen. Alkatetza uztean nolabaiteko lasaitasuna sentitu nuen, ardura handia da, egunero, ez dago oporrik. "Orria pasa eta orain nire bizitzarekin dagokidana eginen dut". Hastea eta uztea ez zen traumatikoa izan. Etapa bat izan zen.
Jarraitzen duzu toki erakundearen martxa?
G. Bai, saiatzen naiz jarraitzen. Ez hainbeste, ez ditudalako hain gertuko kudeaketan dabiltzanak. Sarri izaten dut sentsazioa egunkarietan, aldizkarietan, Twitterren edo bestean agertzen denaz bakarrik jakiten dudala.
X. Laguntza asko ematen duzu. Kuadrilla batzuk gaude eta bakoitza gauza batean zentratzen da. Gu, batez ere, mikrosarearekin laguntzen egon gara. Beste batzuk basoko lana. Orain, emakumezko batzuk zortziko dantza ez galtzeko entseguekin hasi dira. Bakoitzak hobekien egiten dakien hori egiten du, eta taldeak daude. Bakoitzari berea egiten utzi behar zaio. Guk ezin dugu herriarendako lanean egonen den pertsona bat izan, ez du ematen.
A. Gutxi gorabehera bai, parean nagoelako. Baina. Gaur egun udalak ere nahikoa mugatuta daude, ez dute aukera handirik. Egungo alkatearekin asko hitz egiten dut, nahikoa gaztea da. Hasi zenean babesa eman nion: "jakizu honek faktura pasatzen duela. Onena opa dizut".
Bueltatzeko tentaziorik izan duzu?
A. Ez (barrez). Etapa hura pasa zen, aldaketa egotea ona da. Inork galdetzen badit, iritzia emanen diot. Nahikoa aldenduta nago. Gainera, jendaurrean lan egiten dut, eta orain ez litzaidake komeniko.
G. Inolakorik (barrez). Ez, oraingoz ez. Beste egin behar batzuetan nabil, beste konpromiso batzuk ditut.
X. Oraingoz, ez (barrez).