Automobilismoa

Sakana Motorsport eskuderiako bi pilotu Izpegiko podiumean

Guaixe 2023ko mai. 16a, 11:40

Andoni Blas eta Iker Palacios Izpegiko Igoeran. PELI AVM

Andoni Blas txapelduna izan zen eta Iker Palacios monoplazen mailan hirugarren

Erratzuk V. Izpegiko Igoera hartu zuen maiatzaren 6an, larunbata. 40 pilotu inguruk parte hartu zuten 5,2 kilometroko igoeran, eta bi entrenamendu saio eta bi igoera ofizial osatu behar izan zituzten. 

Sakana Motorsport eskuderiak lasterketa bikaina egin zuen, eskuderiako kide den Andoni Blas (Speed Car GT 1000) izan baitzen probako sailkapen absolutuko edo scratcheko txapelduna eta bere kategoriako, monoplazen kategoriako txapelduna (03:25.539). Ia 5 segundo atera zizkion Ziharka Sport eskuderiako Abel Lombardori (Dallara F3, 03:30:015). 

Scratchean Escuderia Lagun Arteako Bruno Scherer (Porsche 911 GT3) izan zen hirugarren (03:32.918), turismo kategoriako txapelduna, eta laugarren Sakana Motorsporteko Iker Palacios Andueza lakuntzarra sailkatu zen (BRC B52), monoplazen mailan hirugarren (03:37.475). 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Sakana Motorsporteko Arkaitz Irigoien Barandiaran bakaikuarra (Renault Clio) hamalaugarren sailkatu zen, laugarren klasean hirugarren (03:51.857). 

Lodosan, Goikoetxea txapeldun
Apirilaren 29an Lodosako II. Lur Gaineko Eremua jokatu zen. 8,55 kilometroko eremua hirutan gainditu behar izan zuten lur gaineko rallysprintean parte hartu zuten 52 taldeek. Irabazleak Arakil Motorsporteko Javier Leyun pilotua eta Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarra izan ziren (Mitsubishi Lancer Evo IX), denbora bikaina egin eta gero (17:39.500). 18 segundo atera zizkioten Aingeru Castrori eta Alaitz Urkiolari (Mitsubishi Lancer Evo IX, 17:57.300). 

Sakana Motorsporteko Aitor Fernandezek eta Iker Askargortak (Seat Ibiza) lan ederra egin zuten, hamargarren sailkatu baitziren (20:04:400), bigarren klasean laugarren. Eskuderia bereko Iñigo Arbizu eta David Iribarren (Ford RACVN) 21. postuan sailkatu ziren (20:32.400). 

Agurain eskuderiako Andoni Elizondorekin kopilotu lanak egin zituen Ekai Perezek (Ford Focus RACVN) eta 24. sailkatu ziren (20:38.500).