Mendi lasterketak

Olatz Azazeta eta Daniel Lakuntza, Nafarroako txapeldunordeak Elomendin

Guaixe 2023ko mai. 16a, 10:20
Olatz Azazeta Pelaez, lasterketaren momentu batean. MIRIAM URIZ

Extreme Higa de Monreal mendi lasterketa Banakako Nafarroako Mendi Txapelketa izan zen eta bi sakandar igo ziren podiumera

Maiatzaren 7an 14. Extreme Higa de Monreal mendi lasterketa jokatu zen, aldi berean Bakarkako Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketa izan zena. 125 korrikalarik hartu zuten irteera maratoi erdiko distantzia zuen proba osatzeko (21 km), eta horretaz gain 12 km eta 5 kilometroko probak ere jokatu ziren. Hiru probak kontuan hartuta, 311 korrikalari lehiatu ziren. 5 kilometroko proba Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria zen. 

Maratoi erdian denbora ikusgarriak egin ziren. Horren isla, Iñigo Macia txapeldunak (1:47:29) eta Ion Sola bigarrenak (1:47:57) aurreko errekorra apurtu zuten, 1:48:12-koa. Bi korrikalariek lehia oso estua izan zuten. Daniel Lakuntza etxarriarra 45. postuan sailkatu zen (2:26:13), eta beteranoen mailako txapeldunordea izan zen. 

Olatz Azazeta, Nafarroako txapeldunordea
Emakumezkoetan Maddalen Jimenez nafarrak hasieratik erritmo bizia jarri zuen eta arazorik gabe irabazi zuen proba (2:17:08). Bigarren Oihana Arratibel gipuzkoarra sailkatu zen (2:22:25) eta hirugarren Olatz Azazeta Pelaez altsasuarra (2:24:31). Beraz, Nafarroako txapeldunordea dugu gazte altsasuarra. 

12 kilometroko proban Alvaro Yaniz (54:59) eta Elisa Gonzalez (1:04:34) gailendu ziren, eta 5 kilometrokoan kadeteetan Javier Larrea (27:21) eta Lide Etxarri (31:30 gailendu ziren eta haurren mailan Aratz Pardo (26:26) eta Alaitz Eraso (34:32).