"Leku askotatik pasatu gara, egoera desberdinak bizi izan ditugu eta berehala sentitzen duzu barrukoa kanporatzeko beharra edo gogoa." Iñaki Pikabea Pitik guaixen esandako hitzak dira. Beste hauek, Pello Mariñelarena berak preso zegoela idatzitakoak: "Entzierro madarikatua, bizi izan genituen egun haien eta askatasun amets haien kalte ordaina zara".
Preso dagoenarentzat, denboraren aurka egin beharrekoa da borrokarik behinena. Hil ala biziko borroka. Askatasunik gabeko denbora arma suntsitzailea da. Bi aukera dituzu: edo denborak emeki-emeki zapal zaitzan uzten duzu edo denbora zentzuz eta edukiz betetzen saiatzen zara; denbora "hornitu" hori zure eta zure herriaren askapen prozesuen aktiboetako bat izan dadin. Hara non bilakatu zaigun presoa sortzaile.
Bakoitza bere gaitasun eta mugekin, preso egon diren guztiak sortzaileak izan dira. Inoiz eskutitz bat idatzi gabekoak zirenak kontakizun aberatsak bidaltzen dituzte; eskulanetarako "traketsak" zirenak marrazkiak egiten dituzte, edota eskumuturrekoak, edota maketak, tailak, edota…
Sorkuntzaren bidez, presoak barruan duena ateratzen du, izan kezka, ilusioa, haserrea, itxaropena... bizi gogoa azken finean. Nork ez du irribarre egin, eta negar, espetxetatik jasotako idatziekin. Zenbat zozketa, opari, apainketa, herri denda… ez ote ditugu jantzi espetxean egindako eskulanekin? Kartzelatik pasatu diren ehunka sakandarrak sortzaileak izan badira, badago bat, Pello Mariñelarena, dohain berezi bat izan zuena barnean zeraman sumendi hori hitzetan eta koloretan herriari itzultzeko. Bere heriotzaren hogeita hamar urte pasa direnean bizi bizirik dauden hitz eta koloreak. Larunbatean gogoratuko dugu Etxarrin. Eskerrik asko Pello.