Txakurrekin euskarazko irakurketa sustatzen

Guaixe 2023ko mai. 15a, 11:31

Irakurkide saio bat. BIAK BAT

Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak eta Biak Bat elkarteak antolatuta Irakurkide txakurrekin lagundutako irakurketa tailerrak izanen dira. Animaliekin irakurtzeak onura asko dituela esan dute antolatzaileek.

Irakurkide euskara sustatzeko txakurrek lagundutako irakurketa tailerrak dira, eta Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak eta Biak Bat elkarteak antolatuta, bi saio izanen dira: maiatzaren 15ean, astelehena, 18:00etan, Irurtzungo liburutegian eta maiatzaren 30ean, 17:00etan, Olaztiko liburutegian. Parte hartzeko aurretik izena eman behar da liburutegietan.

Txakurrek lagundutako irakurketa tailerren ekimena Biak Bat elkarteak sortu zuen, 2019an. Elkartetik azaldu dutenez, animalia uneoro presente dago saioaren garapenean eta parte aktiboa dute: ozen irakurketan laguntza moduan edo ulermen jardueretan galderak eginez, esaterako. Parte hartzaileek animaliarekin harremana ahalbidetzen duten momentuak bultzatzen dituzte hezitzaileek ere, betiere horietako bakoitzaren espazioak eta erritmoak errespetatuz. Euskaraz irakurketa sustatzeaz gain, txakurren elkarrekintzarekin batera, hezkuntza emozionala, animalienganako errespetua, edota baloreak bezalako gaiak lantzen dira tailerretan.

Txakur entzuleak
Animaliek prozesu terapeutiko,hezkuntza eta aisialdian duten eragina positiboa da. Horretan urteak daramatza Biak Batek. Animaliekin lagundutako irakurketari dagokionez, saioetan txakurrak egoteak ematen dituen onurak motibazioarekin, irakurtzeko gozamenarekin, lan giroarekin eta irakurketa prozesuen garapenarekin oso lotuta daudela diote elkartetik. Hortaz, animaliaren presentziak irakurketa positibizatzeko lanari mesede egiten dio harekin higuintasun handiagoa duten pertsonekin.

Irakurkide programaren helburuak dira: txikitatik euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea animaliekin lagundutako jardueren bidez; irakurtzeko parte hartzaileen motibazioa eta gozamena areagotzea; aisialdirako eta gozamenerako espazio positiboen alde egitea, euskarazko irakurketa protagonista izanik; txakurrekiko kontaktuaren bidez euskaraz irakurtzeko eta erabiltzeko emozio positiboak piztea; irakurketa eta beste izaki bizidun baten kontaktuaren bidez emozio eta balio hezkuntza jarduerak garatzea.

Tailerrak 6 eta 12 urte bitarteko haurrendako zuzenduta daude eta 45 edo 60 minutuko iraupena izan ohi dute. Txakur edo animaliak ezaugarri hauetako programan parte hartzeko hautatzen dira eta esperientzia eta prestakuntza dute. Esku hartzea Biak Bateko talde teknikoak egiten du.