Aitzkozar berria: Aitzkibil

Guaixe 2023ko mai. 19a, 11:45

2022ko XVI. Aitzkozar Herri Krosa, Bakaikutik. ARTXIBOA

Bakaikuko Bakarreko Etxea Elkarteak eta Iturmendiko Aitzkozar Elkarteak antolatzen zuten herri krosaren antolakuntzan Urdiaingo Tintiniturri Elkartea batuko zaie, eta lasterketa Urdiainera iritsiko da aurten. Ekainaren 3an, larunbata, izanen da XVII. Aitzkibil Elkartasun Proba.

Aitzkozar Herri Krosaren hamazazpigarren edizioa izanen da ekainaren 3an eta izena mustuko du; hemendik aurrera Aitzkibil Elkartasun Krosa deituko da, antolakuntzan Bakarreko Etxea Elkarteari eta Iturmendiko Aitzkozar Elkarteari Urdiaingo Tintiniturri Elkartea batu zaielako. Orain arte probak Iturmendi eta Bakaiku elkartzen zituen eta hemendik aurrera Urdiainera ere iritsiko da. Elkartasun proba izanen da ere errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien Zaporeak Elkartea laguntzaile izanen dutelako. Hortaz, probaren egunean, errefuxiatuendako elikagaiak bilduko dituzte.

XVII. Aitzkibel Elkartasun Krosa ekainaren 3an, larunbata, izanen da. Haurrak 17:00etan hasiko dira eta helduak 18:30ean, Urdiaindik. Bi ibilbide izanen dira: 7,6 kilometrokoa edo 4,3 kilometrokoa. Izena ematea laster zabalduko dute dantzaleku-sakana.com eta Urdiaingo Tintiniturri elkartea, eliza ondoan, lasterketa hasi baino ordu bat lehenago. Helduek 5 euro eta 2 kg elikagai jarri beharko dituzte eta haurrek 2 kg elikagai. Parte hartzaile guztiek oparia eta askaria izanen dute.