Pilota

Promozioko Buruz Buruko finalerdiak Altsasun

Guaixe 2023ko mai. 16a, 08:44
Joanes Bakaikoa eta Asier Agirre, 2022ko Lau eta Erdian. UTZITAKOA

Maiatzaren 19an, ostirala, Promozioko binakako partida bat eta Buruz Buruko bi finalerdi jokatuko dira, Burunda pilotalekuan. Maiatzaren 16an, asteartea, entrenamenduak eginen dituzte bertan.

Promozio Mailako Buruz Burukoa Sakanara helduko da. Maiatzaren 19an, ostirala, 21:15ean, promozioko bi finalerdiak jokatuko dira Burunda pilotalekuan. Jaialdian bi etxarriarrek parte hartuko dute, Joanes Bakaikoa aurrelariak eta Aaron Arbizu atzelariak. Arbizuk Victorrekin osatuko du bikotea jaialdia zabaltzen duen binakako partidan. Alberdi eta Ugartemendia izango dituzte aurkari. Bakaikoa, aldiz, Buruz Buruko finalerdietako batean ariko da. 

Hain zuzen ere, Joanes Bakaikoa etxarriarrak Asier Agirre iruindarraren kontra jokatuko du Promozioko Buruz Buruko lehen finalerdia, maiatzaren 27an Labrit pilotalekuan jokatuko den final handirako txartel bila. Beste finalerdia Iker Salaberria goizuetarrak eta Julen Egiguren azpeitiarrak jokatuko dute, segidan. Bi finalerdi handi espero dira.

Sarrerakentradasfronton.com webgunean salgai daude eta egunean bertan Altsasuko txarteldegian, 15 eurotan.

Entrenamenduak
Maiatzaren 16an, asteartea, finalerdiak jokatuko dituzten lau pilotariek entrenamendua eginen dute Burunda pilotalekuan, 15:00etatik 18:00etara, Salaberri eta Egiguren Aspeko pilotarien txanda izanen da, eta 18:00etatik 21:00etara Bakaikoa eta Agirre Baikoko pilotarienak.