Futbola

Preferente maila, bizi-bizi

Guaixe 2023ko mai. 16a, 12:00
Lagun Arteak omenaldia egin zion erretiroa hartu duen Unai Bakaikoari. UTZITAKOA

Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak garaipenaren bidean jarraitzen dute, itxaropenez, eta Altsasuk ezin izan zuen punturik bildu

Asteburuan Preferente Mailako 32. jardunaldia jokatu zen eta jokoan zeuden 9 puntuetatik 6 geratu dira Sakanan. 

Altsasuk Universidad de Navarra hartu zuen maiatzaren 13an, larunbata, Dantzalekun. OPUS-eko Unibertsitatekoek lehen zatian bi gol sartu zituzten, eta partida bideratua utzi. 62. minutuan Imanol Loboren golarekin 1 eta 2 hurbildu zen Altsasu eta atzera ere gorritxoak partidan sartu ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 3 puntuak Iruñera joan ziren. 

Maiatzaren 14an, igandea, Valle de Egues B izan zuen aurkari Etxarri Aranatzek. Etxarri Aranatzek jaitsiera postuetatik alde egiteko beste ahalegin bat egin zuen eta hasieratik lotu zuen partida, 12. minutuan Xabier Ormazabalek gola sartu baitzuen eta bigarren zatia hasi eta berehala bigarrena lortu baitzuen Ormazabalek berak. Valle de Egües 1 eta 2 hurbildu zen penalti bati esker, baina Etxarri Aranatzek ez zuen sustorik hartu nahi izan eta Darling Quezadak sartutako hirugarrenarekin, 1 eta 3 gailenduta, Etxarrira 3 puntu erabakigarri ekarri zituzten. 

Bukatzeko, Lagun Arteak bere garaipen boladatxoarekin aurrera jarraitzen du. Liga hasieran nahiko gaizki ibili eta gero, liga bukaera ederra egiten ari dira lakuntzarrak. Itaroa Huarte B taldea hartu zuten lakuntzarrek Zelai Berrin, eta nahiz eta Itaroa 37. minutuan aurreratu, Lagun Arteak ez zuen etsi eta azken minutuetan sartutako bi golei esker (83. minutuan Goiatz Mendinueta eta 89. minutuan Jon Arraiza) zorioneko 3 puntuak Lakuntzan geratu ziren. Partidan omenaldi beroa egin zitzaion erretiroa hartu duen Unai Bakaikoa “Titigol” jokalariari. 1995Tik 2023ra arte egindako lana eskertzeko, sinatutako 9 zenbakidun kamiseta eta baloia jaso zituen opari Lagun Arteako zuzendaritza eta taldekideen partetik. 

Sailkapena
Sailkapenean, bi jardunaldiren faltan, Amigo da liderra (72 puntu). Altsasu hamabigarren da (40 puntu), Etxarri Aranatz 16. postura igo da (29 puntu) eta Lagun Arteak azken postuan jarraitzen du ,18. (23 puntu). Asteburuan sailkapenean bederatzigarren den Itaroa Huarte B taldearen kontra jokatuko du Altsasuk Uharte Iruñean; Etxarri Aranatzek sailkapenean zortzigarren den Doneztebe hartuko du maiatzaren 21ean, igandea, 18:00etan San Donaton; eta Lagun Arteak zazpigarren den Burladés izango du arerio Burlatan.