Mendi lasterketak

Katarain eta Munarriz, oso trebe Zegama-Aizkorri gaiztotuan

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 16a, 12:20
Zegama-Aizkorriko korrikalariak, Ortzaurten. GOIERRIKO HITZA

Euria, lainoa eta lohi artean jokatutako mendi maratoian Manuel Merillas eta Daniela Oemus gailendu ziren, merezitasun osoz

Azkenaldiko eguraldi onari euriak, lainoak, hotzak eta lohiak hartu zion lekukoa eta maiatzaren 14an jokatutako Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Munduko Koparako baliagarria, izugarri gogortu zen. Hala ere, korrikalariak ez ziren kikildu eta 500 korrikalarik hartu zuten irteera, 42 kilometroak osatzeko prest. Horietatik 405ek lortu zuten maratoia bukatzea. 

Infernu lokaztuan hobeki moldatu zirenak La Cuetako (Leon) Manuel Merillas (3:42:01) eta Turingiako (Alemania) Daniela Oemus (4:31:54) izan ziren. Gizonezkoetan lehia oso estua egon zen, baina Merillasek hartutako aldeari ongi eutsi zion eta 27 segundoko aldea atera zion Manuel Elazzaouiri marokoarrari. 19. postuan sailkatutako Aritz Egea zumarragarra izan zen lehen euskalduna (4:05:18) eta helmugan 35. sartu zen Beñat Katarain lakuntzarra izan zen lehen sakandarra (4:16:56). Aritz Munarriz etxarriarra 123. postuan iritsi zen (4:58:27). 

Salgadok ez zuen bukatu
Tamalez, Jose Antonio Salgadok ezin izan zuen bere 20. Zegama-Aizkorri mendi maratoia despeditu. Aurreko edizio guztiak eginak zituen, eta 63 urteko korrikalari beteranoarendako aurtengoa bukatzea zen bere helburua. Eguraldi txarrak izango zuen eragina, sasoi betean zegoela, eta gogotsu, aipatu baitzuen aurrekoan. 

Emakumezkoetan Daniela Oemus alemaniarrak erakustaldi bikaina eman zuen (4:31:54). Nahiko eroso aritu zen, 2 minutu pasa atera baitzizkion Zelanda Berriko Caitlin Fielderri (4:34:01). Lehen euskalduna Oihana Kortazar mutrikuarra izan zen, emakumezkoen sailkapenean zazpigarren (4:55:08).

Km bertikalean Agirre eta Zabala
Ostiralean Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikalaren txanda izan zen. Jose Antonio Bellido madrildarra (33:10) eta Naiara Irigoien burlatarra (38:42) izan ziren azkarrenak. Bi sakandar sailkatu ziren, Alatz Agirre arbizuarra 114. postuan (45:57) eta Marina Zabala lakuntzarra 116. postuan (46:03), emakumezkoen sailkapenean 18.