Haize errotendako dorre bridak ekoizteko lantegia zabalduko du aurki Industrial Barranquesak Uharte Arakilen. Enpresatik azaldu dutenez, heldu den asteetan lanean aritzea espero dute, eta 2025ean errendimendu betean dagoenean 40 pertsonari lana ematea aurreikusi dute. Lantegi berri horretan Industrial Barranquesak zerbitzu arinagoa eman nahi du bere bezeroei, neurrira egindako dorreko bernoen kaiola handiagoak fabrikatuz.
Horren guztiaren berri eta Industrial Barranquesaren estrategia planaren eta etorkizuneko erronken berri jaso du Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariak gaur Lakuntzako enpresara egindako bisitan. Bukaeran fabrika berria bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du kontseilariak. Fabrikazio zentro berriak enpresari aukera emanen dio fakturazioa handitzeko eta bezeroen eskakizunei egokitutako produktu bat garatzeko. Hala azaldu diote kontseilariari Joaquin Anduezak, enpresako presidenteak, Manuel Turielek CEOak, Pablo de la Fuente, zuzendari komertzialak, eta Joaquin Carpiok, dorreko bridak banatzeko arduradunak.
Adierazpenak
De la Fuentek nabarmendu duenez, “gure enpresak zerbitzuan eta hurbiltasunean oinarritzen du bere estrategia. Besteak beste, Siemens Gamesa, Nordex Acciona, Enercon eta Vestas bezeroentzako ad hoc produktu bat egiten dugu. 2023an 46 milioiko fakturazioa lortzea espero dugu, 2016an hasitako etengabeko hazkundearekin jarraituz”. Irujok azpimarratu duenez, “sektore eolikoa hazten ari da eta 2024a urte ona izatea aurreikusten da. Sektoreko Nafarroako enpresei laguntzen jarraitu behar da, eta Europako esparruan tokiko industriaren defentsan lan egin, berreskurapenaren eta hazkundearen bidera itzultzeko baldintzak bultzatuz eta lehiakortasuna maila globalean mantenduz”.
Uharte Arakilen aurki zabalduko duenaz aparte, Industrial Barranquesa beste bi ekoizpen zentro ditu betiko Lakuntzakoa eta Iruñean 2021ean zabaldutako lantegia. Enpresaren produktuak gaur egun Afrika iparraldean, Europan, Estatu Batuetan, Erdi eta Hego Amerikan eta Saudi Arabian daude