AHT ibilbide proiektua

AHTri lotuta, zundaketak egiteko eskaerak

Guaixe 2023ko mai. 22a, 09:32

Altsasun egindako aurkezpena. UTZITAKOA

Zenbait udalerritan eskaerak jaso dituztela gaztigatu du Sakana Trenaren Alde plataformak. Bitartean tren sozialaren alde ondu duten proposamena herriz herri aurkezten jarraitzen du.

Abiadura Handiko Tren (AHT) proiektuari lotuta, "zundaketak egitea eskatu dute Arakilen eta Uharte Arakilen. Arbizun, inongo baimenik gabe, artzain baten larrean zundaketa bat egitera sartzen saiatu ziren. Badakigu horretan dabiltzala", azaldu du Sakana Trenaren Alde plataformako Gorka Ovejero Ganboa kideak. Argitu duenez, aurretik, zundaketa gutxi batzuk eginda, AHTren informazio proiektu bat egin zuten eta bi ibilbide proiektu aurkeztu zituzten. "Orain zundaketa serioagoak egin nahi dituzte, eraikuntza proiektua izango dena prestatzeko, edo erabakitzeko zer ibilbide den egokiena". Plataformako kideak salatu duenez, "halako inpaktua eta kaltea sortzen duten obrei buruzko oso informazio gutxi ematen digute, eta gauzak, proiektuak eginda daudenean". 

AHTren alde daudenen artean ibilbideena gatazka politikoko iturri dela gogoratu du: "Batzuk Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin Ezkio-Itsason lotu nahi dute, batik bat, EAJk eta Geroa Baik eta PSOEk nahiago luke Gasteizko lotura, askoz ere merkeago delako". Azaldu duenez, "gu planteatzen ari garena da: triskantza ekologikoa egiten duen obra batean hainbeste diru ez gastatzea; trenbide plataforma berria egin beharrean dagoena gaurkotzea, eguneratzea eta hobetzea bertatik edozein tren mota azkarrago joateko; gure proposamena merkeagoa da; AHT-k hiri handiak lotuko ditu; herrietako geltokiak berriro zabaltzea proposatzen dugu herriei berriro ere zerbitzua emateko", azaldu du plataformako kideak, “dena onurak dira”.

 

Proiektua
Sakana Trenaren Alde plataforma aurkezpenak antolatu ditu herriz herri eta haren bidez tren sozialaren aldeko proiektua aurkezten ari da. Abiadura Handiko Tren egitasmoaren alternatiba izan nahi duen proposamena jendartean zabaltzen ari da eta, dagoeneko,  Irurtzun, Uharte Arakil, Bakaiku, Altsasu eta Olatzagutian aurkezpenak egin ditu. Plataformako kideak azaldu duenez, "orain arte egindako aurkezpenetara jende dezente etorri da. Bataz bestekoa 30 bat pertsona izan dira, txikiagoa denez, Bakaikun asistentzia jaitsi zen". Jakinarazi duenez, Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Ziordian hitzaldiak ematea aurreikusita dute, baina hots egiten dieten herrietara joanen direla gaztigatu du. Plataformakoak "pozik" daude tren sozialaren proiektua "harrera oso ona" izaten ari delako. 

AHTren kontrako borroka Euskal Herrian 30 urte bete ditu, "ez dugu gelditu, baina 30 urte oztopatzen daramagu". Egitasmoari dagokionez, azaldu duenez, "Iparraldean 2042ra arte, gutxien-gutxienik, geldituta egongo da. Euskal Autonomi Erkidegoan oso aurreratuta daude obrak, baina bakarrik zementuzko azpiegitura. Hori aurrekontuen %55 da, beste %45ek gutxienik faltako zen gastatzeko. Eta hirietako sarrerak Donostian, Gasteizen eta Bilbon ez dituzte egingo 2026 baino lehenago. Bilbokoa Basauri ondoan egonen da eta AHTtik jaitsi ondoren autobusa hartu beharko da Bilbora joateko. AHTk aurreratzen omen dituen minutu horiek baino askoz gehiago kostatuko zaizu autobusez Bilbora joatea". 

Nafarroari dagokienez, "Zapateroren garaian esan zuten Castejon eta Arrizabalaga artean egingo zutela. Zertarako? Esateko Iruñera AHT iritsi dela, hori da beraien erabateko lehentasuna. Iruñera ekartzen dutenerako urte pila bat pasatuko dira. Oraindik obra guztiaren %9a baino gutxiago gastatu dute", argitu du. Gaineratu duenez, "Iruñera iritsiko balira, gero ikusi beharko litzateke Iruñetik Euskal Y-ara zer egingo luketen, zeren eskualde honetan lanak oso konplikatuak dira". Gaztigatu duenez, Europar Batasuna ematen ari den Next Generation dirulaguntza pilo AHT proiektuetara bideratu dira. "Ikuspegi ekologikoa eta iraunkortasuna irizpideak ziren, baina bakarrik bidaiariendako egingo diren tren plataforma esklusiboak sartu dituzte, merkantziak eramango ez dituztenak. 30 urteren ondoren EAEn onartu zuten Euskal Y-ak ez zuela merkantziarik garraiatuko. Bi egunetara Nafarroan eramanen zituela esan zuten. Europan AHTk ez du merkantziarik garraiatzen".