Mankomunitateak prest du udako campusen eta jardueren eskaintza

Guaixe 2023ko mai. 22a, 10:00

Triatloi campusa joan zen urtean Arbizun izan zen, eta aurten Altsasun izango da.

Futbol eta triatloi campusak eskainiko dira, surf ikastaroa eta waterpolo, bolei eta kaiak jardunaldia. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak udako eskaintzaren berri eman du. Ohikoa denez, futbol eta triatloi campusak izanen dira uztailean, ekainean surf ikastaroa antolatu da, Zarautzen, eta uztailean waterpolo eta uretako bolei eta kaiak eta kaiak polo jardunaldiak eskainiko dira. Ikastaro eta jarduera guztietarako izena ematea zabalik dago Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). 

Surfa, ekainean
Ekainaren 17an eta 18an eskainiko da surf familian ikastaroa. Egunero ia bi orduz ariko dira izena ematen dutenak, itsas mareen arabera azken astean zehaztuko den ordutegian. Ikastaroa Zarauzko Moor Surf Eskolak eskainiko du, eta hastapeneko ikastaroa da. 18 urtetik gorakoendako da, edo euren nerabeen ardura hartzen duten familiendako. Prezioa: 40 euro. Autobusa Ziorditik aterako da partaideak jasotzeko. Izena ematea zabalik dago ekainaren 9ra arte. 

Futbol campusa, Uharte Arakilen
Sakanako Mankomunitatearen aurtengo futbol campusa Uharte Arakilgo futbol zelaian izango da. Uztailaren 3tik 7ra bitartean 2011n, 1012an, eta 2013an jaiotako neska-mutilen txanda izango da, eta uztailaren 10etik 14ra bitartean 2008an, 2009an eta 2010ean jaiotakoena. Gaztetxoak goizeko 10:00etatik 13:00etara trebatu dira futbolean, Maalen Beraza Etxarri eta Aitor Lara Zia monitoreekin. Teoria eta praktika uztartuko dute, eta inguruan irteerak egingo dira. Prezioa: 35 euro. Izena ematea zabalik dago ekainaren 23ra arte edo tokiak bete arte (txanda bakoitzeko 30 partaide gehienez). 

Triatloi campusa, Altsasun
Uztailaren 17tik 28ra bitartean eskainiko da, astelehenetik ostiralera, Zelandi eta Dantzaleku kirol guneetan, Altsasun. Maalen Beraza Etxarri eta Ekhi Congil Mendiola izango dira monitoreak, eta 10:00etatik 12:30era lan egingo dute izena ematen duten 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoekin. Atletismoa, igeriketa eta txirrindularitza elkartzen ditu triatloiak, eta kirolen arteko trantsizioak nola landu azalduko dute monitoreek, kirol bakoitzean sakontzen duten bitartean. Prezioa: 40 euro. Izena ematea zabalik dago ekainaren 23ra arte edo tokiak bete arte. 

Ildo honetan, uztailaren 22an jokatuko da Mank-ek Urdiaingo igerilekuetan antolatuko duen Sakanako XVII. Haur Triatloia. 

Bi campusak, futbolekoa eta triatloikoa, euskaraz izango dira, eta norbaitek ez badu ulertzen gaztelaniaz egingo zaio. Bestalde, partaide bakoitzak bere bidaiak antolatuko ditu. 

Waterpoloa, boleia eta kaiak
Uztailaren 20an waterpolo eta uretako bolei jarduerak antolatu ditu Sakanako Mankomunitateak Etxarri Aranatzeko igerilekuetan, 17:00etatik aurrera. Dohainik dira, baina izena eman beharra dago uztailaren 18ra arte. 

Bukatzeko, uztailaren 27an kaiak eta kaiak polo jardunaldia hartuko dute Irurtzungo igerilekuek, 17:00etatik aurrera. Jarduera hau ere doan da, baina uztailaren 24 baino lehen eman behar da izena.